Miren Ibarluzeari elkarrizketa. "Nabaria da itzulpengintzaren historia berraztertu behar dela"

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2011-04-26 18:04



Aste Santu aurretxoan, Miren Ibarluzea mungiar ikertzaileak literatura itzuliaren kritikari buruzko lan jakingarri bat argitaratu zuen Labayru ikastegiaren eta Zornotzako Udalaren eskutik. Literatur itzulpenaren kritika. Lehen pausoak: dibulgazio-kritikaren azterketa izeneko lanean, orain arte eremu horretan egindako lanaz gogoeta egin du, eta metodologia baterako zenbait proposamen aurkeztu.

Gu harekin izan gara berriketan.

Adituok beti bereizten dituzue kritika akademikoa eta dibulgaziozkoa? Zer alde dago benetan horien artean?

Bada, egia esan, kritika mota horien izenak berak markatzen du izanean duten aldea. Kritika akademikoa unibertsitate-ikasketa jakinen arabera egindakoa da; egileak eta hartzaileak ikertzaileak edo gaian adituak dira, eta kritika egiteko metodologia ere ikasgai jakinen araberakoa da. Aldizkari espezializatuetan argitaratzen da, oro har. Kritika dibulgaziozkoa, ordea, irakurle ororentzat egiten dena da; helburua ere ezberdina da: irakurleari obraren berri ematea da xedea, deskripzioa egitetik harago; gainera, nolabait, norberaren iritziak ere badu lekua (irakurlearen esku dago kritikariari sinesgarritasuna eman edo ez); kritika akademikoan esandakoak, ostera, irizpide eta arrazoi akademikoak erabilita erantzutekoak dira.

Liburuan aipatzen duzu hedabideetako kritiketan amateurismo handia dagoela. Zer falta dute halako kritikek?

Gurean gauza kurioso bat gertatzen da: kritika akademikoa (egiten den apurra) eta dibulgaziozkoa pertsona berek egiten dute. Sarritan, lausotu egiten da bien arteko muga. Hala, kritika dibulgaziozkoan eduki akademikoak aipatzen dira batzuetan (eta irakurle arrunta, hots, akademiaren mundutik kanpokoa) jokoz kanpo geratzen da.

Bestalde, eredu falta dago, nork bere erara egiten du kritika. Gure ikerketan ateratako ondorioa da,  kritikariek ez diotela beren bide propioari jarraitzen. Azal dezadan xeheago: kontuan hartzekoa da normalean obra beren kritika egiten dela, eta kritikari batek bestea aipatzen duela. Nork bere bideari ekin eta nork bere irizpideei soilik begiratu beharrean, oso adi gaude gainerakoek zer dioten.

Tamalgarriena, beharbada, zera da: kritika eta erreseina nahasten direla askotan. Hau da: obren edukia laburtzen da, egilearen pare bat datu gehitzen zaizkio, eta horretan geratzen da kontua, nork bere iritzia eman gabe (lanaz, lanak betetzen duen lekuaz, itzulpenaz…). Baina hor ere aldeak nabari dira: liburuan bertan aipatzen dut hainbat joera nabari direla kritikarien belaunaldi berriak etorri ahala.

Literatura itzuliaren kritika akademikorako bide bat jorratu nahi izan duzu liburuan. Zertan da bide hori? Zer erreferentzia erabili dituzu?

Oso lan gutxi egin da gaiaren inguruan gurean. Tira, jakitun naiz beharbada oso lan gutxi egin dela oro har edozein euskal gairen inguruan: gutxi gara, eta ezin dugu beste hizkuntza eta literatura handiagoetan duten adina bibliografia aurkitu, noski.

Bada, esandakoa, lan gutxi egin da gurean (edo hastapeneko lanak egin dira). Neure honetan bide berri bat jorratu nahi izan dut. Orain arte egindakoak zertan diren ikusita, nabaria da itzulpengintzaren historia berraztertu behar dela. Orain artekoak katalogoetako zerrendak, itzultzaileen berri ematen zutenak… izan dira gehienbat; edo kritika-lan laburrak, zeinek bere metodologia hartuta. Nolabait hori guztiori egoeraren arabera aztertzea falta da, bestelako jakintzekin lotzea, esan nahi baita hizkuntzatik haragokoekin.

Euskal itzulpengintzaren historiaren berrirakurketa egitea helburu handinahia da, eta, noski, ez da nire egitekoa izango soilik, gurean diren gainerako itzulpengintza-ikertzaileen lana ere bada (badira baten batzuk). Horregatik erantsi diot “lehen pausoak” izenburuari. Azken finean, deskribapen osoaren zati bat baino ez da hau, eta zatiak baino ez dira izango nire aurrerantzeko lanak ere.

Zein erreferentzia erabili ditudan? Euskal adituen lanak eta itzulpenaren kritikan ari diren nazioarteko ikertzaileen lanak. Liburuaren bibliografia atalean duzue zehatzago iturrien berri.

Orain tesia prestatzen ari zara. Itzulpengintzaren eta, are, euskal literaturaren inguruan egin diren tesi gehienak estatistiketan oinarritu dira: zenbat liburu itzuli diren, zenbat liburu erabiltzen diren… Horietan eskas izaten dira ekarpen teorikoak edo metodologia-proposamenak. Zurean, berriz, asmo hori ageri da: ez duzu besterik gabe deskribatzen orain arte zer egin den; aitzitik, metodologia bat ere zirriborratu nahi duzu.


Halaxe da. Nor bere bidetik ibili gabe, oinarri bat ezarri gura da, jarraitu beharreko pauso batzuk eskaini. Itzulpenaren kritikan hor-han-hemen eman diren joerak aztertu, bildu eta gurean aplikatzea da asmoa, zelan edo zelan.

Besterik duzu eransteko.

Eskerrak eman behar dizkiet bidean bultzada eman didaten guztiei. Lankide izan ditut horien arteko batzuk; lagunak eta ahaideak dira eskertu beharreko garaitikoak; izan ere, honelako ikerketek bizimodu jakin bat hautatzea dakarte, eta hurrekoei eskaini bide zaien denbora ikerketari oparitu behar izaten zaio.

Honako hau ikerketa-lana dela argi utzi gura dut. Baten batek nobela bat edo saiakera lan bat balitz bezala har ez dezan liburua…

Bi dei egin nahi nituzke: batetik, nik jasotakoa lako beka-deialdiak ugaritu daitezela; bestetik, Itzulpengintzako ikasleek ikerketari ekin diezaiotela, hori ere bada-eta jorratu beharreko alorra.


Utzi iruzkina: