Liburuen abandonuaz

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-01-26 08:25

Zergatik uzten dira liburuak bazterrean amaitu barik? Ezagutzen dut Otto Pette edo Elurra, esaterako, amaitu ezinik liburu zokoratuen apalategian utzi dituen lagunik. Eta ezagutzen dut liburu horiek loriaturik irakurri dituenik ere. Jaidurek, ohiturak, gustuak, uneko aldarteak... zer agintzen du amore emate horretan?

 

Azkenaldian, Claudio Magris izeneko italiar idazle baten liburua irakurtzen aritu naiz, Danube (The Harvill Press, 2001). Lehenbizi esku artean hartu nuen Budapest-eko denda batean, Lipótváros auzoan. Erakargarria gertatu zitzaidan; bidaia-liburua zirudien, historia eta bideko pasadizoak nahasten zituena. Atzeko azaleko aipuak honela zioen, hala ere:

«Ez da bidaia-liburu bat, ez poema narratibo luze bat, ez historia-liburu bat, ez filosofia, ez aurkikunde-bidaia bat; horietatik guztietatik badu zerbait». Edward Steen, Independent on Sunday

 Eta pasarte batzuk jakingarriak dira; jakingarria da nolako eztabaida dagoen Donaueschingen eta Furtwangen herrien artean Danubioren sorburua ofizialki ezartzeko; zer gogoeta egin zituen Célinek gerra hondarreko ihesaldi noragabean; nolako koadernoa gordetzen zuen Ulm-eko katedraleko azken arkitektoak bizitzako mindurak jasotzeko...

 



Itzultzaileak John Florio saria irabazi zuen lan horri esker. Liburua erudizioz beterik omen dago, gogoeta sakon eta mamitsuz ederturik, baina nik, aitor dut, ezin jasan ditzaket liburuko barne-paisaiei buruzko burutazio ederretsi eta hanpatuak.

 

Zein da erudizioaren eta pedantekeriaren arteko muga? Erudituak jakingura asezina du; pedanteak, aldiz, ororen buruan atsegin du bere burua mirailean ikustea, bere esanak entzutea eta bere letrak irakurtzea. Baina horiek irakurlearen irudipen subjektiboak baino ez dira: batentzat pedante dena beste batentzat burutsua izan daiteke.

 

Liburuko paragrafo honetan etsi nuen. Egileak Alemaniaren erdian dagoen hilobi batez dihardu, hain zuzen, Napoleonen armadako lehen granadari Théophile Malo Corret-en tonbaz.

[...] Hilobi hutsak, bestetik, loria erakusten du, la loire, eta aldi berean haren debaldekotasuna; bizi baten esanahia itxuratzen du, zeinak armak hartzen baititu, bandera berri batekiko uste osoak bultzaturik, eta ez tokiko printzeen arteko gerren zerbitzuan, ahaide nagusien esanetara; eta hilobia, orobat, zamalkaldi loriatsu eta bandera jendetsu bakoitzaren atzean geratzen den hutsunearen gorazarre da. 

Beharbada, paragrafoa ez da nahi bezain adierazgarria (hainbat horrelako behar dira gogoa galtzeko, barren).

 

Irakurle honi gustatzen zaizkio sentipen gidaturik gabeko paisaiak, eta egileak, nire ustean, erabat eragozten du hori, kate motzean estekatuz irudimena eta ikusmira. 

 

Orain, Orham Pamuk-en Other Coloursen gorde naiz (atsedenleku segurua da), sagar-tea hartzeko eta nargilari patxadaz lotzeko (halako topikotzarrik!), ea ahoko zapore zakarra kentzen den.

Ume-denboran, beti pentsatzen aritzen nintzen ea nire mahaitik ikusten zen minaretea inoiz jausiko ote zen nire gainean [...]




Utzi iruzkina: