Izatearen arina
Karlos del Olmori irakurria diogu Milan Kunderaren Izatearen arintasun jasanezinaren euskarazko itzulpena "ia didaktikoa" dela, eta, ez nago seguru zertaz ari zen Karlos, baina eskolan erakusteko modukoa zela esan nahi bazuen, ni bat-bat nator harekin.
Behin edo behin hitz egin dizuet Kunderaz blogean; orrikatu ditut haren zenbait liburu: El libro de los amores ridículos, La ignorancia eta The Curtain (izenburuak irakurritako hizkuntzan daude). Hala ere, horiek guztiak txiki geratzen ei dira Kunderaren lanik gorenaren aldean; obra minoreak dira.
Niri La ignorancia, bederen, bikaina begitandu zitzaidan; gaur egun, ordea, ez dut askorik gogoratzen: familiak ibai baten ondoan, erbesteratuen denbora zirtzildua, arroztasuna, aberrigabetasuna; dena 1970etako txekoslovakiar estiloko marrazki bizidun haien tankeran.
Beraz, kostatu egin zait gailurreraino igotzea. Bitxia da nola aukeratzen ditugun liburuak. El libro de los amores ridículos anaiak utzi zidan; La ignorancia, norbaiti utzi eta galdua, neronek aukeratu nuen plazaratu berrien erakusmahaian; The Curtain Pragan erosi nuen San Wenceslao plazako liburu-denda handi batean, hornigai askorik gabeko "Czech literature in english" apalategian. Izatea..., aldiz, ez dut behin ere gurutzatu bidean orain arte; edo edizio gehienetako azal melengek atzera eragingo zidaten (nork jakin).
Har dezagun idazle bat (ez hasiberrietako bat, ibilbide laburregia baileukake), eta ikus dezagun nola inguratu garen haren lanera, ea irakurgaien hurrenkera hautatu dugun, noiz jo dugun gailurra (Dublindarrak irakurria dut, baina Ullysses, ez), noiz gogait eragin digun (Auster izan daiteke horren adibide niretzat), zer hizkuntzatan irakurri ditugun haren liburuak; azken batean, azter dezagun zer-nolako harremana izan dugun idazlearen obrarekin. Hala ohartuko gara, segur aski, adiskideekin izaten dugun harremanaren antzekoa dela: batzuekin fidela, beste batzuekin noizbehinkakoa, halakoekin behartua...
Hara, hor duzue Henry James. Juan Garziaren bidez ezagutu nuen (2000-12-08), hark Aspernen paperak euskaratu baitzuen. Gero, handik urte batzuetara (2004-06-20), ordura arte gaztelaniaz argitaratu gabeko La lección del maestro gurutzatu nuen Bilboko liburu-denda batean, eta baita erosi ere, kontrazalak limurturik ("Considerada por la crítica mundial como una de las mejores novelas cortas de Henry James..."). Handik bost hilabetera (2004-11-03) Europarrak erosi nuen, nahiko "modu" onean, Areatzako saltoki batean. Bi urte joan ziren, eta Areatzako azoka berean erosi nuen Washington Square, ingelesez (2006-11-08). Eta horixe izan da orain artean izan dugun intimitate-unerik berexiena, jatorrizko hizkuntzan Wordsworth argitaletxearen edizio merke horietako batean. Eta inork galdetu aurretik, badakit zergatik ez dudan inoiz irakurri Koxka bat estuago, euskaraz aspalditik dugun arren: misteriozko eleberria delako, eta nik ez ditut oso atsegin, bada, horrelakoak (aurreiritziek gidatzen gaituzte sarri, mea culpa).
Bakarrik utzi ditugu Karlos Cid eta Milan Kundera lehenbiziko paragrafoan, nahiz post honen hasierako asmoa txekiarraren "teknika"ra hurbiltzea zen. Kontua da Henry James agertu zaigula bidean, eta, gure lagunei agur esanda, amerikarrarekin joan gara (iparramerikarrik europarrena omen zen). Hala, honaino inor iritsi bada, pentsa dezala hasierako eta hondarreko paragrafoak hurrengo artikulua iragartzeko baizik ez ditudala paratu hemen; sandwich erako publizitatea izan direla, alegia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: