Benjamin interpretatzen

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-08-29 21:28

Aurreko post-ean genioenez, Walter Benjaminen "Itzultzailearen zeregina" artikulua xehetuko dugu: pasarte batzuk itzuli eta, ondoren, iruzkindu. Hasi aurretik, esan dezagun artikuluaren osoari oratzea ezinetan ezinena dela. Beraz, izan zaitezte bihozberak gurekin, eta, eranstekorik baduzue, egin ezazue, mesedez.

Benjaminek artikulua prestatu zuen Baudelaire-ren Tableux parisiens liburuaren bere itzulpenaren atariko gisa, nahiz bizitza luzea izan duen bere aldetik. Garrantzizkoa da, hala ere, Baudelaire aipatzea, agerikoa baita erromantikoen eragina Benjaminen hizkuntza-teorian.

Orobat, aipatu beharra dago nor izan zen Benjamin: filosofo judu marxista (edo alderantziz) heterodoxo bat, Frankfurteko Eskolako kide gailenetako bat eta, aldi berean, espezialena.

Horrenbestez, lotuko gatzaizkio artikuluari.

Hartzaile idealaren nozioak berak kutsatzen egiten du arteari buruzko edozein teoria.
Itzultzaileak ezin ditu irakurleak kontuan izan, jatorrizko testua baino. Askotan bridatu behar izaten dugu geure burua, halako hitz edo esapiderik ez erabiltzeko, ulertuko ez delakoan. Esan ere inoiz egin didate: "Hau eta hau kenduz gero hobeto ulertzen da". Ulertzaile on gutxi dituen hizkuntza da gurea; hala ere, ez dut uste murriztu egin behar dugunik haren ahalmen osoa, zergatik eta "den"ek ulertuko ez dutelako.

Kontuan izan, hala ere, literatura-itzulpenaz ari garela. Beharbada, komeniko litzateke bereizkuntza bat egitea. Alde batetik, sorkuntzaren gorena dugu (literatura, bere zentzurik zabalenean); han, hizkuntzak bere tresna eta bitarteko guztiak erakutsi behar ditu. Beste aldetik, formari hainbesteko garrantzirik ematen ez dioten testuak dituzkegu: egunkariak, ikasmaterialak..., komunikazioa xede nagusitzat dutenak.
Komunikatzeaz soilik arduratzen den itzulpenak komunikazioa baizik ezin transmiti dezake: bestela esanda, esentziala ez dena. Bada beste zerbait, hala ere, literatura-lanetan, eta itzultzaile txarrak ere onartzen du huraxe dela esentziala: ez al da poetika mugaezin eta ezin atzemanezkoa? 
Aurrekoaren haritik, testuetan aztertu beharra dago zer gailentzen den: adierazia (edukia) ala adierazlea (forma)? Erabakigarria da balioeste hori, itzultzaileari askatasuna emango edo fideltasuna eskatuko baitio. Benjaminek berak fideltasunaren bindikazioa egiten du etengabe.
Itzulpena, ona izanik ere, ezin da esanguratsua izan originalaren aldean. Hala ere, loturarik hertsiena du harekin: originala itzulgarria delako. [...] Esan daiteke lotura naturala dela edo, zehazkiago, bizi-lotura.
Itzulpena ez da deus originalik ezean, eta haren mendean dago: originalik ez balitz, ez legoke itzulpenik. Benjaminek, gainera, eransten du beste kontzeptu bat: itzulgarritasuna; zalantzan jartzen du testu guztien itzulgarritasuna, baina ez beste hizkuntza batera ekar ezin daitezkeelako. Izan ere, testuak itzulgarriak dira hala merezi dutenean, "originalari dagokion esangura jakinen bat azaleratzen delako itzulpenean".
Idazlearen hitzek iraungo duten arren, itzulpenik handiena ere ttipitu egiten da itzultzailearen hizkuntza hazi ahala, baita galdu ere haren bizitza berrian.
Ezaguna da ideia hori. Esan izan da belaunaldi bakoitzak klasikoen bere itzulpenak egin behar dituela. Har dezagun, konparaziorako, Zaitegiren Sofoklesen edozein itzulpen; guretzat beste garai bateko hizkuntza ageri da han, eta ez preseski Grezia klasikokoa. Originalak, haatik, bere horretan dirau, gizaldi eta gizaldietan.
Atzerriko hizkuntzetako banako osagai guztiek (hitzak, esaldiak, testuingurua) elkar baztertzen badute ere, asmoetan elkar osatzen dute. [...] Asmoek inplizituki bereizten dute adierazia eta adierazteko moldea.
Kosta egiten da paragrafoaren mezu osoari heltzea. Pentsa liteke Benjaminek eskatzen diola itzultzaileari egilearen buru-prozesua errepikatzeko edo, hobeto, "klonatzeko" bere hizkuntzan, idazlearen asmo bera hartuta (testu guztiek izaten baitute motibazio zehatzik) eta, gisa berean, jatorrizkoaren edukiak eta adierazmoldea gordeta. 
[...] itzulpen oro da, hein batean, hizkuntzen arteko arroztasuna behin-behinean gainditzeko modua.
Esaldi horretan behin-behinekotasuna da adierazgarriena, itzulpenen iraungitze-data segurua baita.
Itzultzailearen zeregina bat bedera da, idazlearenetik guztiz bereizirik dagoena. [...] Zeregina hauxe da: itzultzailearen hizkuntzan aurkitzea originalaren ezkutuko egitura, haren durundia dakarrena.
"Itzultzailea idazlerik anonimoena" dela esaten zuen Sarrionandiak. Horregatik ari dira itzultzaileen elkarte guztiak haren ikusgaitasuna sustatzeko kanpainetan. Dena den, itzultzailea ez da idazlea; edo izan liteke, baina ez itzultzen ari den testuarena. Itzultzailea sakoneko irakurlea da; zeharkatu egiten du testua aldean beste; eta haren kopia egiten du beste ekai (hizkuntza) bat erabiliz.
[Idazlearen diseinua] naïve da, oinarrizkoa, konkretua; itzultzailearena, eratorria, helburuzkoa, kontzeptuzkoa. Izan ere, itzultzailearen zereginari eragiten dion bulkada da hizkuntza guztiak egiazko bakar batera biltzea.
Hizkuntza unibertsala eta egiazko hizkuntza aipatzen ditu Benjaminek testuan zehar, erromantikoen pleguan (Rimbaud, Verlaine). Kontzeptu horrek Chomskyren printzipio unibertsalak ekar diezazkiguke oroitera. Badu horretatik zerbait, baina, badaezpada, ez gaitezen ur handitan ito (segi dezagun "azaleko egitura"n).
Itzulpenak, originalaren zentzuari jarraitu beharrean, originala bera egokitu egin behar luke bere hizkuntzan, bereiziki haren adierazteko era; halako moldez, non bi hizkuntzak hizkuntza nagusi baten partetzat har bailitezke.
Ideia berbera da.
Egiazko itzulpena zeharrargia da; ez du estaltzen, ez lausotzen, jatorrizko testua.
Egiletzari lotua dago esaldia: egilea eta "ulertarazlea" ez dira bat bera.
Hizkuntza guztietan eta haien sorkarietan badago, komunikagarriaren azpitik, zerbait sinbolizatzailea edo sinbolizatua, testuinguruari lotua.
Benjaminek oso atsegin zituen sinboloak, Kabala edo Biblia bezainbat; agerikoaren azpiko horretaz ari da, dirudien baino gehiago adierazten duenaz.
Itzultzailearen zeregina da bere hizkuntzaren bidez hizkuntza unibertsala askatzea erbeste arrotzetik [...]. Horretarako beren hizkuntzaren hesiak hautsi zituzten Luther-ek, Voss-ek, Hölderlin-ek edo George-k, eta zabaldu zituzten alemanaren mugak.
Gurean ere, aurreko batean genionez, klasikoek egin dute bide hori. Leizarraga, gure lehen itzultzailea, izan liteke muturrekoena jarrera horretan (guiça pescadoreac gogoan al dituzue?). Hasmentara gatoz berriro. Behialako lankide batek klasikoak aipatzen nizkion bakoitzean, hutsik egin gabe, esaten zidan haiek ez zekitela euskaraz, euskaldun batek ez lukeela egundo halakorik esango. Baina noiz hitz egin behar izan du herritar xeheak erregistro jasoan Fisikaz, Medikuntzaz edo Filosofiaz?

Gu saiatu gara Benjaminen testua interpretatzen, baina, ezbairik gabe, onena duzue testu osoa irakurtzea eta egostea. Iruzkin osatu eta buruargiagoak dituzue sarean, horratik. Oso lagungarri izan dakizueke, halaber, beste klasiko bat: George Steiner-en After Babel: Aspects of Language and Translation. Txitean-pitean mokoka egingo diogu hari ere.


Utzi iruzkina: