Itzulpenen ekarriaz, ekarri itzuliaz
Aurten hogei urte bete dira Literatura Unibertsalaren bilduma argitaratzen hasi zirela EIZIE eta Eusko Jaurlaritza. Horren karietara hitzaldi bat iragan zen lehengo astean Donostian. Beste zenbait ekimen ere abian jartzekotan da itzultzaileen elkartea: hitzaldiak eskoletan, liburuen edizio berrituak...
Horiekin guztiekin batera, bildumaren katalogo txiki txit interesgarria atera du EIZIEk, argitaletxeekin batera. Horren hondarreko orrian, kontrazalean, Anjel Lertxundiren testu gozagarri horietako bat dugu, gure blog honetarako guztiz egokia. Euskal idazlearen tresnaren zailtasunez dihardu, jakintsu eta berritsu. Pasartetxo bat:
Praktika literario urriko hizkuntza da nirea, neu ere ez naiz nik nahi nukeen bezain abila, eta atarramentua da testua ez dabilkidala nik nahi nukeen bezain bizkor eta airoso. Esan nahi dudana ez zait guztiz arrotz, baina ezta bidaide eroso ere: ez nau eskutik hartzen, ez dugu guztiz bat egiten. Nik dakidantxoak ez du lortzen nik imajinatutako egoera guzietara egokituko den fraseologia malgurik; beti topatzen dut jarioari enbarazu egiten dion osagarri txikiren bat, zailtasun gogaikarri samarren bat. Gehiegi entretenitzen naiz hizkuntza hegemoniko batean ari den idazle batek erreparatu ere egiten ez dien osagarri txiki automatizatuen amaraunean.Chapeau, Andu!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: