Interprete ahantziak
Izenik gabeko interprete asko izan dira historian zehar. Induserako bidean, esaterako, interpreteak izango zituen Alexandro Handiak, baina ez dakigu haien izenik. Espainiarrek ere, Mexiko mendean hartu zutenean, ezinbesteko izan zuten trujaman edo nahuatlatoen laguntza. Ahaztuak dira haien "mesede"ak oro, ordea.
Bertold Brecht-ek idatzi eta Mikel Laboak abestutako poema hura datorkit gogora: "Langile baten galderak liburu baten aurrean".
Ez dakigu ia deus konkisten, aurkikundeen eta kultura-trukeen intrahistoria horretaz.
Gogoan dut nola gaztetan Caro Barojaren Brujería vasca irakurtzean galdetzen nion neure buruari nor izango ote ziren Logroñoko Inkisizioaren auzitegiko interprete haiek, eta amets egiten nuen liburutegiren bateko zurkulu batean aurkitzen nituela deklarazioen euskarazko jatorrizko testuak. Ameskeriak.
Asteburuan Rosa Luxemburg-en biografia bat irakurri dut, eta han Luxemburg bera interprete ageri zaigu pasarte xelebre bezain zirraragarri batean (irakurle zuhurra ohartuko da idazleak interpreteak eta itzultzaileak zaku berean sartzen dituela, arruntean bezala).
Egoera honelatsukoa da: Rosa Luxemburg eta Jaurès frantses sozialdemokrata eztabaidan ari dira sutsu...
Itzultzaile ofizialak, Jaurèsen erretorika zailegia dela-eta, ez daude itzultzeko prest. Hitza etenda, zer egin ez dakiela dago Jaurès jendeari begira. Rosak herrenka Jaurèsengana joan eta bere burua eskaintzen du: "Nik egingo dizkizut itzultzaile-lanak". Entzuleek barrez hartzen dute Rosaren burutazioa. Egoera benetan xelebrea da. Rosak alemanez esan zituen Jaurèsek berari buruz eta beraren teorien kontra esandako guztiak hitzez hitz.Nor ziren Internazionalaren batzarretako interprete haiek? Nola moldatzen ziren esan osteko saio nahaspilatsu haietan? Zenbat historia, hainbat galdera. Historiak bezainbat galdera.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: