Ikasturte amaiera
Uztaila ate-joka dugula, datorren ikasturterako asmoen berri ematera natorkizue.
- Koldo Mitxelenaren liburu-iruzkinetan estilistikaren inguruan esanak ekarri (hastapenetik beretik inork baino argiago izan zuen hark zer-nolakoa izan behar zuen euskara batuak).
- Jean Etxepareren prosan murgildu, Axularrekin egin bezala, tresna eraginkorrak eskaintzeko gaur egungo testugintzarako.
- Blogaren itxura berritu eta wordpressera aldatu (laguntza behar nuke, hemengo edukiak hara nola eraman argitzeko, orain artean ez baitut erarik aurkitu).
Jean Etxepareren bihi bat dakarkizuet, aurrekari gisa, erdarazko infantil izenondoa euskarara iraultzeko inoiz burua puskatu behar izan dutenei eskainia:
oharturik halere, jende eskolatu hainitzek ez zutela Eskualduna irakurtzen arruntegi, hertsiegi, haurregi zaukatelakoan.Pasarte horretan, Gure Herria agerkariaren beharrizanaz ari da midikua, Eskualduna aski ez delakoan. Amelia Hernándezen tesian oinarrituriko Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944) liburuan atzeman dut aipua.
Ezagun dira euskarak izenondoak sortzeko dituen zailtasunak, eta hitzak kategoria finko samarrekoak direla (gaitz da hitz bat aldi berean izen eta izenondo izatea, esaterako, salbuespen batzuk badiren arren: zilar, gazte...). Ingelesek edozein hitz aditz bihurtzeko duten ahalmena guretzat nahi nuke nik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: