Ihes betea zilegi balitz
Ihesaren literatura hagitz zabaldua da, denbora eta leku guztietan. Azken asteetan horrelako liburu bi fortunatu zaizkit, nahi gabe: Uxue Apaolazaren Mea culpa eta Pedro Zarralukiren Todo eso que tanto nos gusta.
Bitxia da nola itxuratzen den ihes egin nahia biziaroen arabera. Apaolazaren testua gordina da, haren aurreko liburuaren ildokoa, kaustikoa, independentzia lortzekotan den nerabe zaharrarena. Kolpekatu egiten gaitu:
[...] badakizue, itsuki fidatzea batzuen zintzotasunarekin, besteen gaiztotasunarekin, nolabaiteko justizia tenporal batean, patuzkoa, erresistentzia errealitatearen gainetik, alternatibo ustean Disneyri goleadaz irabaziz; morir de pietik orain vivir, aunque sea de rodillas chupádosela [sic] lo que puedara igarota nago.Jainko-jainkosen heriotzatik errautsa lorrinduta onik baizik ez duen idazlea da Apaolaza, obra ezinbestez autobiografiko honetan, gaztetan usuago izaten baita hala. Zarralukiren liburuan, berriz, garerdiko krisiaren ondorea da ihesa, Rojas Marcos espainiar psikiatra estatubatuarraren azalbidea geure eginik "izan nahi genukeena izatea lortuko ez dugun porrotaren emaitza". Orekatuagoa da, pausatuagoa, Apaolazaren kontzientziaren jario erogarritik urrun dena. Eta paragrafo zilar hau eskaintzen digu, ulertzaile onentzat.
Mariak esan nahi zidan paradisurik ez dela. Ezer izatekotan, noizbehinkakoa da, batzuetan jotzen gaituen haize-ufada bat, Potala jauregia bezain eskuraezina den aukera bat, tiroldar batzuk garagardoa edaten margolan ezain batean. Gainerakoa ahalegina eta kuraia da, engainu apur bat eta amore ematetik anitz, tarteka gozatzen ikastea eutsi bitartean, zaharkeriak, kresala, larruzko besaulkitzarrak eta koipe berriz berotua usnatzen hasi bitartean, labanda-urez blaitzen ikastea usain hori estaltzeko, eta oroitzapenekin bizitzera ohitzea, egin ez zenarekin edo gaizki egin zenarekin, ulertu edo onartu ezin den ororekin. Eta, hala ere, uneaz gozatzea. Horixe da paradisutik hurbilen dena.Bi idazleek hizkuntzak nola gainazpikatzen dituzten ere azter genezake: Apaolazak gaztelania tarteka sartzen du, adierazgarritasuna emendatzearren (euskara aski ez balitz bezala); Zarralukik, berriz, katalana sartzen du, pertsonaien herritartasuna erakustearren, eta tarteka italiera, hiru hizkuntzen arteko ulergarritasun-maila handiaz baliaturik. Baina horiek beste ihesaldi batzuk dira.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: