Hizkuntza parataktikoa

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-10-12 19:44


Eusko Legebiltzarraren webgunean baduzue estilo-liburu antzeko bat, itxuraz hango itzultzaileek prestatua. Oso gogoeta interesgarriak (interesgarri bezain sakonak) ageri dira bost dokumentutan.

"Gaztelania formaletik itzultzeko estrategiak" izeneko dokumentuari erreparatuko diogu gaurkoan. Dokumentuetan ez da ageri egileen izenik, baina oso litekeena da, batez ere edukia ikusirik, Jesus Mari Agirre tartean egotea, berriki plazaratu duen Itzulpen estrategiak: gaztelaniazko testu juridikoak eta administratiboak liburuaren oihartzunak agerikoak baitira.

Kontzeptu interesgarri bat aurkezten dute dokumentu horretan, parataxia ("ondoz ondo jartzea", grekoz), hizkuntzaren berezko estilistikari hertsiki lotua.

Euskarak, tipologiaz eta garapen historikoz, parataxia du jardunbide egokiena. Estilo parataktikoa justaposizioan eta koordinazioan oinarritzen da (egitura txertatu arinak ere lagun hartuta), eta aditzezko perpaus arruntak ditu egitura nagusi. Euskarak, beraz, zatikakotasuna du estilo-ezaugarri.

Gaztelaniak, ordea, bere egitura prepositiboan oinarriturik, trinkotzera jo ohi du idazkera formalean, eta formulazio oso txertatuak eratzen ditu. Gaztelaniak, bada, jarraikortasuna du estilo-ezaugarri. Estilo trinko-txertatu horren oinarri diren bi baliabide nagusi nabarmendu behar dira, esaldi osoak kondentsatzeko gai diren neurrian: nominalizazioak (gerundioak ere nominalizazioen artean sar daitezke), eta adjektibazioak (aditzetik eratorritako adjektiboak, bereziki partizipioak; erlatiboak ere adjektibazioen artean sar daitezke). Baliabide horiek, beste batzuekin konbinatuz, idazkera-estilo bat egiten dute, hipotaxian oinarritua.

Estilo hori itzultzeko modurik egokiena, dudarik gabe, oinarrizko estilo parataktiko gorago aipatutakoa erabiltzea da; alegia, batik bat justaposizioan eta koordinazioan oinarritzea (perpaus txertatu arinak ere baliatuta, noski). Horretarako egin beharreko ariketa nagusia parafrasia da. Parafrasiaren bidez, helburu hauek lortzen dira:

a) Itzulgaiaren formulazioa desmuntatzea; hots, oinarrizko sekuentziak azaleratu, edukiaz ondo jabetu, testua zuzen interpretatu. Lan hori berme bat ondo itzuli ahal izateko.

b) Itzulpena askatasunez muntatzea; hots, parafraseatzeak autonomia ematen du xede-hizkuntzaren estilistikaren arabera itzultzeko. Eta badirudi euskarari hobeto doazkio lokailuak eta juntagailuak: perpaus hasieran doaz, mugikorrak dira, mugarri-lana egin dezakete, esaldiak askatasuna lortzen du enfasi-jokoetarako. Horiez gain, menpeko arinak ere ondo egokitzen zaizkio.

c) Komunikazioa erraztea. Bestalde, itzulgai trinkoak euskaraz ematerakoan kontuan izan behar da, lehenengo, sekuentzien ordena logikoa zaintzea (informazioaren hierarkizazioa); bigarren, eduki-dentsitatea arintzea; eta hirugarren, hitz-katea gehiegitan ez etetea (apartekien pilaketa ez da naturala; hobe koma, puntua eta koma, edo puntua erabili). Nolanahi ere, mailak bereizi daitezke trinkotze eta txertatzeari dagokionez, eta tarteko formulazioak ere erabil daitezke.
Plaza honetan sarritan mintzatu izan gara hizkuntza postpositiboen arazoez eta adierazpideez  (kontu zaharra da: Larramendik ere aipatu zuen El impossible vencidon); azken batean, menderakuntzaren mugak bistakoak dira euskaraz. Menderagailu aurreratuak ere izan ditugu berbakizun (zeren, nahiz [eta], zein, ezen...), konponbide egokia direlakoan arnasaldi luzeko testuetarako.

Soka luzeko eztabaida dugu, kasuan-kasuan erantzun bat edo beste behar duena. Dena den, kontuan izatekoa da egileek hain zabaldua dagoen jokamolde horretaz (esaldiak eta jardunak zatikatzeaz) teorizatzeko egin duten saioa; "euskara argi"aren filosofiari ezin hobeto datxekiona, bestetik.


Utzi iruzkina: