Tragikoa dena

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2008-12-23 08:03

Badira urte batzuk liburuak binaka irakurtzen ditudala, bat euskaraz eta beste bat erdaraz (dela ingelesez, dela gaztelaniaz). Batzuetan, gurutzatu egiten dira irakurgaiak eta diskurtsoak. Orain, Juanjo Olasagarreren T eleberria eta, aurreko batean aipatu nizuenez, Milan Kunderaren The Curtain saiakera-liburua ditut ohe ondoan.



Lartxo litzateke esatea elkarren osagarri direla, baina, neurri apal batean, ez daude oso urrun. Olasagarreren liburuan greziar tragediari buruzko eskolak hartzen ditu pertsonaia nagusiak. Aldizkatu egiten dira tragediari buruzko apunteak eta pertsonaiaren bizikizun tragikoak liburuan barrena. Areago, atal gehienak unibertsitateko oharrekin hasten dira, eta hari nagusiko kontakizunarekin bururatzen. Kunderak ere oso aintzat hartzen du greziar tragedia, historiaz, literaturaz eta, oro har, munduaz jardutean.

Olasagarreren liburua maila jasokotzat daukat, sofistikatutzat (ederra hitza!); betegarririk gabeko narrazio jantzi eta esanguratsua da, ene ustez. Hala ere, nork atzeman ditzake greziar tragediari buruzko aipamen guztiak? Nork ekar xoko eta garai hauetara?

Irakurle arruntak ez du izaten harreman handirik mundu klasikoarekin. Guk Plautoren lan bat edo beste irakurri genuen UBIn; ez besterik. Greziar komediaren ereduak baliatu zituela irakatsi ziguten, eta horra guztia. Presokratikoak, Sokrates, Platon... landu genituen Filosofian. Platonen haitzuloko itzalak baino are gutxiago geratzen da horretatik guztitik. Hegel ere aipatzen da bi liburuetan, baina zer arraio dakigu hartaz? Asko jota, idealismoa sortu zuela, eta Marx eta Engelsen aurretikotzat har daitekeela.

Zer uler dezakegu Olasagarrek aipu dituenean Eskiloren arkaikotasuna, Sofoklesen jainkoen gizakiekiko axolagabezia eta Euripidesen gizakien arteko jainkoekiko mundu ezaxola? Erudizioaren bristadak sumatzen ditugula hitz horietan, zer besterik?

Bidaian ibilita ere atxikitzen da kultura horren ziraia, axalekoa. Mizenasen, ahalegindu zaitezke Agamemnon eta Klitemnestra irudikatzen, aldats gora, jauregiko bidean. Gida turistikoan irakur dezakezu Ariadna eta Teseoren istorioa, Naxosen zaudela, eta neskaren itxaronaldi debaldekoa imajinatu. Litekeena da batek baino gehiagok Oresteren itzulerari buruzko Sarrionandiaren ipuina irakurri izana. Baina ezagutza porrokatu eta sakabanatu horretan ez dago inolako sistemarik; intuizio maxkal bat, gehienera ere.



Kunderak hutsune batzuk tapatzen dizkigu, greziar tragedia dakarkigunean, inguruko mundua endelegatzen saiatzen ari dela. Eta honela mintzo zaigu:
Antigonak inspiratu zuen Hegel: bi antagonista daude bekoz beko, eta haietako bakoitza zeharo atxikirik dago bere egia partzial eta erlatiboari, zeina guztiz justifikatutzat jotzen baitu. Biak prest daude egia horregatik beren bizia sakrifikatzeko, baina bakarrik nagusitu daitezke aurkaria erabat suntsituta. Biak dira, aldi berean, zuzen eta errudun.

[...] horrek dakarkigu giza egien erlatibismo saihestezina.
Horra hor tragediaren mamia, azaldu eta eguneratua. Izan ere, Kunderaren liburua xeheagoa da, zuzenagoa, hainbeste itzulingururik gabekoa. Olasagarrek, berriz, eleberrigintza baliatu du, hori eta beste gauza asko azaleratzeko. Eleberrietan iradoki egiten da (edo, bederen, hala behar luke), gertaeren eta pertsonaien bidez; ez da diskurtso edo teorietarako eremu emankorra. Idazleak zulatu egin behar du gauzen esentzia, esentzia horien izenik ahomentatu ere egin gabe. Hori da desafioa. Saiakerak ez dauka abstrakzio (itxurakeria) horren beharrik.

Bi liburuak bikainak dira.

Zerbait eskatzekotan, hurrengo argitaraldirako erratak mehazteko eskatuko genieke Alberdaniako arduradunei.


Utzi iruzkina: