Ganboar ala oinaztar
Euskaldunok beti izan ei gara banderizoak. Ezerk ez du on-gaitzik; ona edo txarra da, tartekorik gabe. Larramendik aipatu zuen, duela hainbeste mende, euskaldunok berez auzizale ginela (el espíritu pleitista de los vascos).
Eta horretan jarraitzen dugu. Batzuetan gustu-kontuak izaten dira: Atxaga ala Saizarbitoria, Lertxundi ala Laboa... Beste batzuetan txokokeria axalekoak: Ondarroa-Lekeitio, Gernika-Bermeo, Azpeitia-Azkoitia...
Zibilizazioaren gainbeheraren ispilu izan daitezke txikikeria horiek, Atxagari kasu egitera (halatsuko burutazio bat izan zuen asteasuarrak jatetxe batean bikote bat eztabaidan ikusi zuenean ea indabak piperminekin edo gabe jan behar ziren).
Hizkuntza-kontuetara etorrita, esango nuke marraren auziaren garaian gaudela: hitz elkartuetan marra bai ala ez. Istilu latzak izaten dira batzuetan, horratik, gai horren jiran.
Hain aspaldi ez dela, hatxea izan zen bandotan zatitu gintuena: hatxearen aldeko proselitismoa egin behar izan zen herririk herri, eta herri-akademia bat sortu zitzaigun haren aurkari fededunen baranoan (Euskerazaintza):
Auek ziran bide berrietako gazteak; baña Gaztetasunaren gaitza berez sendatzen danean, kontuz ez dedin errapera iñor gerturatu Hatxea eta Batasun atzerakoi ori artzen ez dutenak. Iraultza egiña dago "behin betirako". Gaurko gazteok arazo orretan ez dezute ezer egiterik; dana dago betirako ondo lotua ("atado y bien atado", beste arrek esan zuena berbera).Atzo, testugile batek deitu zidan marratxorik ez erabiltzea erabakia zutela-eta. Aitortu ere egin zidan nola erabili ez dakitenez nahiago dutela bat ere ez erabili. Funtsean, kontserbatismo handia salatzen dute jarrera horiek.
Atzo, herriko eskolan izan ginen txintxaunetan. Jolastokian abezedario erraldoi bat zegoen, B-tik D-ra jauzi egiten zuena tartekorik gabe. Batzuetan etsigarria da abangoardian aritzea, atzeragoardia deseginda dagoenean; edo, hobeto esanda, abangoardian ari zarelako irudipena izatea.
Deus berririk ez:
Mondragoeren erreketaren kanta (XV. mendea)
Ganboarroc su emaytean asi dira, ta onegaz urten daude beralan Oñeztar barruangoac
Gabriel Aresti (XX. mendea)
Oraindik hementxe gaude
Oinaz eta Ganboa,
Oinaz zaldunaren pean
Ganboa maiz mandoa.
Gure gorroto bizia
ez baita aurtengoa
gure arrazoi guztia
hasarrez hemen doa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: