Estiloaren osagaiak (XIV)

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-08-31 19:17

Ez dugu landuko liburuko IV. atala ("A few matters of form"). Ez du interesik guretzat: ingeles tipografia, ortografia eta puntuazioko arau gutxi batzuk baino ez ditu biltzen.

Bosgarren atala lantzean, euskarazko testuetan debaldetan baliatu ohi diren zenbait hitz eta esapide kontuan izan ditugu, gehienak aipatu ez arren Strunken liburuan. Dena den, komeniko litzateke gaia xehekiago jorratzea, hots, kalkozko idazkera eta hitz-jario eder-ustekoa.



V.  Gaizki edo alferrik erabilitako hitz eta esapideak


Bestek
Komunztadura singularrean egiten du.

Besteri esaten zaiona aintzat hartzen du Enekok.
... d(u)en pertsona da
?Mikel oso abegikorra den pertsona da.
Mikel oso abegikorra da.
Elkarren desberdinak
*Bi anaiak elkarren desberdinak dira izaeraz.
Bi anaiak desberdinak dira izaeraz.
Bi anaiek izaera desberdina dute.
Edutezko izenordainak
?Anek bere bizikleta eraman zuen oporretan.
Anek bizikleta eraman zuen oporretan.
Era
?Era zakarrean erantzun zion irakasleari.
Zakar erantzun zion irakasleari.
Zakarki(ro) erantzun zion irakasleari.
Hurrenez hurren
?Jone eta Iñaki, hurrenez hurren, Koreara eta Japoniara joango dira oporretan.
Jone Koreara joango da oporretan, eta Iñaki, Japoniara.
Kasu
*Lanerako aukeratzen duten kasuan, bihar bertan hasi beharko du.
Lanerako aukeratuz gero, bihar bertan hasi beharko du.
Konparatuta
?Europarekin konparatuta Asian basamortu gehiago dago.
Asian Europan baino basamortu gehiago dago.
Kontsideratu
Hiztegi Batuaren arabera "gogoan erabili, gogo eman" esan nahi du, eta zahar-marka darama.
*Eddy Mercx txirrindularirik onena kontsideratzen zuen.
Eddy Mercx txirrindularirik onentzat (jotzen/hartzen) zuen.
Eddy Mercx txirrindularirik onena zen harentzat.
Literalki
*Lurrikarak, literalki, irentsi egin zuen herri osoa.
Esan daiteke lurrikarak irentsi egin zuela herri osoa.
Lurrikarak "irentsi" egin zuen herri osoa.
Nolabait
*Irailaren 11ko atentatuek nolabait aldatu zuten estatubatuarren segurtasunarekiko jarrera.
Irailaren 11ko atentatuek, neurri/hein batean, aldatu zuten estatubatuarren segurtasunarekiko jarrera.
Konturatuko zinetenez, gutxi dira erabateko galarazpenak zerrenda horretan, eta asko, prosa soiltzeko eta doitzeko gomendioak.

---

Honaino iritsi dira, gure aldetik, The Elements of Styleren lehenbiziko argitaraldiarekikoak. Beharbada, halako batean helduko diogu laugarren edizio zuzendu eta osatuari.

Scribd-en jarri dugu artikulu-bilduma osoa.



Utzi iruzkina: