Estiloaren osagaiak (III)

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2008-10-17 08:02

5. Perpaus beregainak ez lotu komen bidez

Bi perpausek edo gehiagok, gramatikalki osoak izanik eta juntagailuen bidez loturik egon gabe, esaldi konposatu bat osatu behar badute, puntu eta koma da puntuazio-marka egokiena.

Stevensonen eleberriak entretenigarriak dira; abentura zirraragarriz beterik daude.
Ia bost eta erdiak dira; ezin gara hirira heldu ilundu aurretik.
Bi adibide horietan, jakina, puntuak erabil daitezke puntu eta komen ordez.

Juntagailu edo menderagailurik sartuz gero, berriz, koma da marka egokia.
Stevensonen eleberriak entretenigarriak dira, zeren eta abentura zirraragarriz beterik baitaude.
Ia bost eta erdiak dira, eta ezin gara hirira heldu ilundu aurretik.
Dena den, puntu eta koma erabiltzea aukerarik onena da, bi perpausen arteko harreman estua iradokitzen baitu argiroen: puntuak ez du halakorik egiten, eta juntagailu-menderagailuek esaldi luzeagoak eta, batzuetan, behartuagoak sortzen dituzte.

Adibidean, kausa-ondorio harremana dago bi perpausen artean.

Ohart bedi irakurlea bi perpausen artean testu-markatzaileren edo adberbioren bat ageri bada (esaterako, beraz, gainera, orduan, hala ere...), eta ez juntagailu-menderagailurik, nahitaezkoa da puntu eta koma erabiltzea.

Arau horrek baditu bi salbuespen: perpausak laburrak eta antzekoak badira, koma onar daiteke.
Amak esan, guk egin.
Etxera joan, afaria prestatu, eta telebista aurrean jarri zen.
Lehenbiziko adibidean, esaerak, atsotitzak, esaldi klixetuak sar daitezke.

Bigarrena zinez interesgarria da. Aditz laguntzailearen elipsia dagoenean nolako puntuazioa erabili erakusten digu; perpausak sinple samarrak direnean, bederen. Ez pentsa, buru-hauste bat baino gehiago ekartzen digu horrek.


Liburuaren bigarren arau edo gomendioan (ez dugu erabili laburpen antzeko honetan), etsenplu adierazgarri hau dago:
Gutuna ireki, hura irakurri, eta ohar batzuk hartu zituen.
Hala ere, esan dugunez, egitura konplexuetan puntu eta koma baliatu behar genuke elipsietan.
Gutuna ireki, barruan zer zegoen ikusteko; hura irakurri, eta ohar batzuk hartu zituen.



*** Letra etzanezko pasarteak geureak dira.

 


Utzi iruzkina: