Errentari

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2011-03-02 23:50


Asun Garikanoren Far West-eko Euskal Herria irakurtzen ari naiz egunokin. Irakurgai benetan interesgarria.

Badu kapitulu bat maiorazkoaren sistemari buruzkoa. Ezagun denez, baserria seme nagusiarentzat izaten zen antzinako Euskal Herrian, eta gainerako haurrideek bizimodua nola edo hala atera behar: komentua, apaiztegia, Amerika...

Aitaita zenaren anaiarekin gogoratu ohi naiz halakoetan. Lehengo mendeko hogeiko hamarkadan hartu zuen Kubarako bidea, eta hantxe dago hezurrak zuritzen tropikoko eguzkipean.

Osaba zaharra, Pedro, ordea, maiorazkoa zatekeen, etxeduna izan balitz, Eguzkitzatarrak (Eskizatarrak) errentero baitziren (edo errentari). Gaur egun ia galdua dugu hitz zahar hori (errentamendu-kontratuetako hizkera zaharkitutik harago), zeren etxea errentan hartua dutenak, errentari barik, alokairuan dauden biztanleak baitira. Bestaldean, errentistak zeuden, errentetatik bizi ziren errentatzaileak; besteak beste, Arturo CampiĆ³n estimatua (hala ageri da garaiko diputatuen zerrendetan).

Irakurle zorrotza aise ohartuko da termino-mudantzaren kutsu sozialaz. Ez gara petxero, zergadun baizik; ez gara langile, autonomo edo soldatapeko baizik; ez gara herritar, biztanle edo egoiliar baizik; ez gara euskaldun, euskal hiztun baizik.

Ez gara elkarganatzen asepsian baizik.


Utzi iruzkina: