Dialektoak eta hizkuntzak
Ezaguna da dialektoen eta hizkuntzen arteko muga oso lausoa dela; mintzairaren pertzepzio eta estimazioari dagokiola, eta ez hizkuntzalaritzazko irizpide objektiboei. Estatus-kontu bat da, ororen buruan.
Gure inguruan baditugu muga labainkor horretan batera eta bestera irristatzen diren mintzairak. Okzitaniera (gaskoiera, biarnesa, proventzera...) patoistzat hartua da Frantzia ia osoan. Aragoiera eta asturiera gaztelaniaren desitxuraketa barregarriak baizik ez dira askorentzat Espainia aldean (ultra batzuek katalana ere halakotzat dute).
Egunokin Asturiasen barrena ibili gara, eta errealitate gordin horrekin topo egin dugu. Seinaleetan batzuetan lekutxoa egiten diote asturierari, eta herrietan entzun ere egiten da, baina ez dirudi ofizialtasuna hurbil dutenik.
Guk haietaz ez dakigu ezer askorik; Gerardo Markuleta salbuespen da horretan, hainbat literatura-lan euskaratuak baititu. Sautrelan saio monografiko bat eskaini zioten asturierazko literaturari, eta Xuan Bellori elkarrizketa egin zioten.
Berriaren estilo-liburuan gaztelaniazko leku-izenak erabiltzea gomendatzen da. Eta horrek ere bereizi egiten ditu katalanetik edo galegotik, horietan euskarak bere egin baititu jatorrizko izenak. Egia da bretainierazko eta gaelikozko izenekin berdin jokatzen dela, jatorrizko izenok hain ezagunak ez direla eta.
Uviéu-n hizkuntzaren alderako jarreraren erakusgarri paregabe bat aurkitu nuen kalean. Dohainik banatzen diren egunkari horietako baten tituluak atentzioa deitu zidan:
El principado se gasta 700.000 euros para traducir su web al bableArtikulu osoa hemen duzue. Artikuluan asturiera aipatzen den arren, azalean bable dio, izen hori gaur egun gutxiesgarria bada ere. Artikulua irakurriz gero, ohartuko zarete, gainera, diru hori erabiltzekoa dela webgunea asturierara eta ingelesera itzultzeko hiru urtez. Beraz, gezurra gezurraren gainean.
Bide batez, esan dezadan gastar para esapidea aski badaezpadakoa dela, eta gastar en behar lukeela hor.
Horrelaxe dira gauzak. "Leku guztietan txakurrak ortozik".
Iruzkinak
Utzi iruzkina: