Bizi diren

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-03-17 14:55

Erlatiboak erraz-erraz onartzen ez dituen hizkuntza da geurea, batez ere nor, nori edo nork gramatika-kasuak ez badagozkio erreferenteari erlatibozko esaldian. (Tira, luzeago jardun liteke horretaz, baina bego horretan).

?Urte luzeetan bizi izan nintzen etxea eraitsi dute gaur.
Txarto dagoenik ezin esan, baina ez da hau bezain txukuna:
Urte luzeetan bizi izan zuen sufrikarioa amaitu zen.
Dena den, ez zen gaurko nire asmoa horrelakorik xehatzea. Kontua da askotan erlatiboak erraz saihestu daitezkeela, batik bat ezein karga semantikorik ez dutenean.
Jone bizi den herrian ikusgarriak dira abuztuko jaiak.
Joneren herrian ikusgarriak dira abuztuko jaiak.
Ez, ez dago halako alde handirik ere, baina, adibideak aukeratzen txarra, ni. Saiatuko naiz berriro.
Mikelek lan egiten duen bulegoa Iruñeko zabalgunean dago.
Mikelen bulegoa Iruñeko zabalgunean dago.
Hor, segurutik, nabarmenagoa da aldea. Bulegoak lantokiak dira; beraz, lan egin aditzak ez du informaziorik eransten; areago, moteldu egiten du irakurketa, eta, bestetik, hortxe dago erlatibo susmagarriaren koxka.

Mehaztu dezagun prosa.


Utzi iruzkina: