Baino gehiago
Gaur tartetxo bat atera dut aspaldiko zalantza bati buru egiteko. Behin baino sarriagotan eztabaidatua nago honelako egituretan izan beharreko jokamoldeaz:
- Zazpi lagun(i) baino gehiagori galdetu diet.
- Lagun bati baino gehiagori entzun diot.
- Behin baino gehiagotan izan naiz han
- Gero agertu dela aldian bortz ehun anaiari baino gehiagori, zeinetarik hainitzak oraino bizi eta zenbait hilak baitire. (Duvoisin: Testament Berria)
- Horrelako izan denak aski du baten baino gehiagoren ganik izan duen azurrialdi hori. (Ib.)
- ikusi ditut, aldi bat baino gehiagotan, basa dentistak lothu hortzak irauten, aztiaren edari itxura gabekoek hilak pizten kasik, hezur-xuxentzaleak zain behartu batzu tanpez sendatzen, haur ederrak sortzen basa emaginen perekarekin. (Batxi: Hau mundu arrano hau!)
- Aita sainduek berek, hainbertze zuten entzuten gauza horietaz mintzatzen, non, batek baino gehiagok, manu bereziak egorri baitzituzten zonbait eskualdetarat, sorgineri nola behar zen ihardoki argien emaiteko. (Lartzabal, Ipuin eta ixtorio)
- Halaz ere, Enda ederrekoak ez dira gaiztoak: lagundu omen diote gizakume behartsu bati baino gehiagori, egunero txanpon bat utziz toki berezi batean. (Mirande, Artikuluak)
- Protestantismuak, Liburu Santuak hartara bihurtuz, hizkuntza txipi bati baino gehiagori laguntza ekarri izan badio, ez zen hala gertatu Kornubian, zeren Kornubitarrak ez zitzaizkion jarraitu Henry VIII-garrenari, errege honek Inglaterrako Eliza " eraberritu " nahi izan zuenean. (Mirande: Artikuluak)
- gero ondoan berriz agertu izan zaiela bortz ehun anaia baino gehiagori aldi batez, zeinetarik hainitz baidire oraiño biziak eta zenbeit hillak; (Haraneder: Guthuna korinthiarrei)
- Zeren irureun diruan baño geiagoan okendu au saldu zitekean, eta dirua beartsuai emana izan litzakioten. (Uriarte: Biblia)
- Geroago ikusi eben batean bosteun anaia baño geiagok, zeñatatik batzuek il badira ere, geienak oraindik bizi dira. (Ib.)
- bati baño geiagori gelditu zitzaizten besoak igarturik bearrean ziardutela; (Moguel, J.A: Kristau erakasle euskalduna)
- Bear bada, ezta dagoan etxea bere animaren onerako, ta bai kalterako bide batetik baño geiagotik, ta gauza guziak ezin ager litezkez; ta dan bezala dala bearegiñak bear du sari edo pagoa. (Ib.)
- Izan liteke kalte andiagorik? Bai gizon edo mutil zorigaiztoan jaioa, zuk orain parrez ta arduragabe esaten dituzu itz zatar, desonesto, atsegin loia aserazitzeko egiñak diranak; erakasten diezu bati baño geiagori jakin bear etzuteena, artuerazi diezu atsegin gaiztoa, eragin parre gozoak enzun zaituztenai; ipiñi dituzu ala bekatuan grazia galerazorik. (Ib.)
- Ai kristiñau maiteak! negar egitekoa da onen ganean askotan baño geiagotan yazo oi dana. (Ib.)
- Bide au artu ordean, batzuek ibilli oi dira erriz erri, eta festaz festa suerte onaren billa, eta bati baño geiagori gertatu zate, atez ate salgai dabiltzan soñeko ederrai gertatzen zatena, au da etxean balio zuenaren erdirik ez eskeintzea. (Agirre, Tx.: Sermoiak)
- Artu nuen orduko asmo ta gogoa argitaratzeko orain ekusten dezun Libro euskerazko au; ezagutu nuen, batek baño geiagok jardungo zuteela marmarioz ta nere leporako zirala itz gogor ta astunen karga guziak. (Mogel, J.A.: Konfesio ta komunioko...)
- Ta oso-pagatu daikegu Jainkori pena denporaldikok gaiti, ipiñizen digun penitenzikin baño geiagokin? E. (Otegi, K.: Itzulpenak)
Adigarriok, bide batez, erakutsi digute bat baino gehiago erakoek pluralean egiten dutela komunztadura aditzarekin, gaztelaniaz ez bezala.
- Batek baino gehiagok bestela jokatzen duten arren...
Iruzkinak
Bego 2011-03-30 18:20 #1

Kaixo, orain dela gutxi blog hau ezagutu dut eta asko gustatzen zait zalantzak konpontzeko eta gramatika hobeto ezagutzeko.

Zalantza bat bidaltzen dizuet. Esaldia da:

"Sei bertsolariak elkar ikusiko dira larunbatan Gasteizen"

Nire ustez, gaizki dago. Eta horregatik nik idatziko nuke:

"Sei bertsolariek elkar ikusiko dute larunbatean Gasteizen"

Zein da zure iritzia?

Mila esker,

www.blogak.com/euskaldunberri

Utzi iruzkina: