Axular (III): definizioak

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2011-02-28 16:46


Askorentzat ezagun izango da gaurko aipua, baina merezi du, merezi duenez, hona ere ekartzea. Hara nola definitu zituen Axularrek piramideak:

Piramidea edo Piramideak ziren sepultura suerte batzuk, pilare, harroin, edo thonba laur kantoinetako gora ailtxatu batzuk, egin ahal zitezkeien gorenak, ondoan zabal eta puntan mehar.

Definigaia + Izan aditza + Definizioa [orokorretik zehatzera]
Altube-eta ez baitziren alferrik iragan mundu honetatik, gaur egun beste molde hau nagusitu zaigu testuetan (testu txukunetan, aldrebeskeria franko baitago bazterretan):
Piramidea edo Piramideak sepultura suerte batzuk ziren, pilare, harroin, edo thonba laur kantoinetako gora ailtxatu batzuk, egin ahal zitezkeien gorenak, ondoan zabal eta puntan mehar.
Definigaia + Definizioa [generikoa] + Izan aditza + Definizioa [xehetasunak]
Askoren aburuz, hobe da karga semantiko nahikoz zamatzea aditzaren ezkerralde hori. Ez da gomendio ustela, gaur egungo testugintzako joerak ikusirik.

Definizio horrek, orobat, badu beste balio erantsi bat: erlatiboaren ordezko egitura arinak baliatzea.
Piramideak ziren sepultura suerte batzuk, [...] ailtxatu batzuk [...], ondoan zabal eta puntan mehar.
Anabasa handia dago definizioen arloan, definizio garbiokin batera beste hainbat eratakoak baitira testuetan. Zorionez, ikertzaileek begi emana diote arloari, eta zenbait lan ontzen ari dira unibertsitatean.


Utzi iruzkina: