Atseginen lorategia Saramagoren arabera

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-10-16 18:34


Liburu berria argitaratu du José Saramagok, Caim. Azalak azter genitzake; alderdi grafikoa landu, eta galdetu geure buruari zergatik ausartu den bakarrik argitaletxe portugesa Jesukristoren bekokia zulatzen (irudiko lehena ezkerretatik).



Euskarazko ediziorako zein hautatuko litzatekeen ere eztabaidatu genezake. Dena den, guk, usaian bezala, testuei helduko diegu, eta itzulpen-ariketa bat proposatuko. Itzulpena gaztelaniatik egin dugu, El País egunkariak lehenbiziko kapitulua jaisteko moduan paratu baitu bere webgunean.

Saramagoren estiloak ez du batere errazten itzultzailearen lana, batez ere tipologikoki portugesarekin zerikusirik ez duten hizkuntzak baliatuz gero. Idazlearen estiloa zinez berezia da: periodo luze-luzeak; ez puntu eta komarik, ez komatxorik, ez parentesirik, ez letra etzanik, letra larri gutxi; kapituluen besteko paragrafo luzeak; prosa ahozkoa, oso diskurtsiboa. Itzultzaileak aintzat hartu behar lituzke nolakotasun horiek guztiak, eta euskara horietara makurrarazi (hitz-ordena egokituz gehienetan), ahal denik eta modurik airosenean. Jon Alonsok maisukiro erakutsi zigun nola egin Lisboako setioaren historian.

Dena den, xehetasun txiki bati erreparatuko diogu: nola euskaratu gaztelaniazko lengua hitzaren polisemiazko jolasa; bestalde, erromantze-hizkuntza gehienetara eta ingelesera (tongue) arazo handirik gabe alda daitekeena.

Jaunak, jainko ere deituak, ohartu zenean adami eta evari, ageriko guztian akasgabeak, ez zitzaiela hitz bat ere ateratzen ahotik edo hots soil bat, ezta sinpleena ere, bere buruarekin samurtzea beste aukerarik ez zuen izan, ez baitzegoen edeneko lorategian nori egotzi hutsegite larri hura, aldiz beste animaliek, haiek ere bi gizakiak bezala jainkoaren eginbediren emaitza, beren ahotsa zuten, batzuek marruka edo orroka, besteek karranka, irrintzika edo kukurrukuka. Kolera bizian, harritzekoa beste fiat batekin guztia berehala konpon zezakeenarengan, bikotearen aldera joan zen lasterka eta, lehenengo batari eta gero besteari, ez bat ez bi, txikikeriatan hasi gabe, mihia sartu zien eztarri barruan [les metió la lengua garganta adentro]. Aspaldi handiko gertaera horiek, urteak joan urteak etorri, nahi gabe edo nahita jaso dituzten idatziek, bai gerora oniritzi kanonikoa izan zezaketenek bai irudimen apokrifo eta ezinbestez heretikoen fruitu zirenek, ez dute argitzen zer esan nahi zuen mihi horrek, alegia gihar tolesgarri eta bustia den, aho barrenean ari dena hara eta hona eta batzuetan kanpora, edo lengoaia den, hizkuntza ere deitua [no se aclara la duda de a qué lengua se refería, si al músculo flexible y húmedo que se mueve y remueve en la cavidad bucal y a veces fuera, o al habla, también llamado idioma], jaunak tamalez ahantzi zuena eta guretzat ezezaguna dena, haren aztarnarik ez baitzen geratu, ezta sentimenduzko idatzi bat ere zuhaitzen baten azalean grabatutako bihotz baten barruan, eva maite haut edo antzeko zerbait. Batak, eskuarki, bestea zor duenez, daitekeena da jainkoak beste asmo bat ere izatea seme-alaben mihi mutuei emaniko bultzakada bortitz hartan, hain zuzen haiek gorputzaren izatearen barrurik sakonenarekin, izatearen deserosotasun deituekin, harremanetan jartzea, zertarako eta, etorkizunean, jakinaren gainean, haren nahaste ilun eta labirintikoaz mintza zedin, zeinaren leihora, ahora, agertzen hasiak baitziren. Hori ere izan liteke. Jakina, obratzaile onaren eskrupulu txoil onuragarriak direla medio, aurreko arduragabekeria artezteaz gainera, jaunak egiaztatu nahi izan zuen bere hutsa konpondua zela, eta hala adami galdetu zion, Hik nola duk izena?, eta gizonak erantzun Adam naiz, zure premua, jauna. Gero, sortzailea emakumeari mintzatu zitzaion, Eta hik, nola dun hik izena, Ni eva naiz, jauna, lehen dama, erantzun hark debaldetan, beste emakumerik ez baitzegoen. Jaunak nahikoa iritzi zion, Gero arte aitatiar bat esanda agur egin zien, eta bere bizitzara joan zen, adamek lehen aldiz esan zion evari, Goazeman ohera.
Pasarte luzea itzuli dugu, plazer duenak goza dezan testuarekin, berealdiko indarra baitu (hala zuen, behintzat, gaztelaniaz).

Orain gatozen harira. Itzulezintasunaren hegian dago gure hitz-jolasa, bistan denez. Hizkuntzak modua ematen digu, arazoa nola edo hala konpontzeko. Pouvreauk jaso bazuen hiztegian eta Leizarragak erabili, guk zergatik ez?
2. (SP, H), miin (Dv (V)). Lengua, idioma. "Bi mihitakoa, qui a deux langues. Hainitz mihitakoa, qui a plusieurs langues" SP. "Le P. Uriarte l'emploie au fig., dans le sens de langue, idiome" Dv (no lo encontramos en Uriarte). Ebanjeliza liezenzat lurreko habitantei eta nazione eta leinu eta mihi eta populu guziari. Lç Apoc 14, 6 (He erdara, TB, Ker, BiblE hizkuntza, Dv mintzaia, Ol izkera). Guztiak hitz eta mihi / diferentetakoak. EZ Noel 33. Gizon hauk nola zaizkigu / geure mihiz mintzatzen? Ib. 118. Min guztien ta iakiteen gorazallea (1638). TAV 3.1.26. Arrain gaixoak bere mihian, / erraiten derio nigarrez. Arch Fab 157. Bi mihiren gramatika, uskara eta franzesa. Arch Gram (tít). Urthe multzu egoten eskola handitan, / mihi arrotz zenbeitez ikhasi mintzatzen, / eskaraz yakin gabe kasik irakurtzen. Hb Esk 4. O mihi ederrena, hasterik gabea, / nork erran ez duiala lurrean parea! Ib. 4.

Ez dakit amarrua zenbateraino den zilegi. Gaurko irakurlearentzat erabilera hori arrotza da, noski, eta litekeena da askok hitz-jolasa ez ulertzea (piztuko ahal da burmuin elebiduna).

Latinera ere jo genezakeen, eta lingua besterik gabe erabil; azken batean, Saramagok latinezko fiat hitza jartzen du Jainkoaren ahotan. Kontuan izan, hala ere, autorearen estilo tipografikoak ez ligukeela utziko hitza letra etzanez markatzen. Proba egin dezagun.
[...] txikikeriatan hasi gabe, lingua sartu zien eztarri barruan. Aspaldi handiko gertaera horiek, urteak joan urteak etorri, nahi gabe edo nahita jaso dituzten idatziek, bai gerora oniritzi kanonikoa izan zezaketenek bai irudimen apokrifo eta ezinbestez heretikoen fruitu zirenek, ez dute argitzen zer esan nahi zuen latinezko lingua horrek, alegia gihar tolesgarri eta bustia den, aho barrenean ari dena hara eta hona eta batzuetan kanpora, edo lengoaia den, hizkuntza ere deitua [...]
Ez dago gaizki ere, ezta? Ea zer deritzozuen zuek.


Utzi iruzkina: