Askoren komunztadurak
Asko, zenbait eta halako zenbatzaile zehaztugabeen (edo ahulen) komunztadura plural edo singularra kezkagai izan da batentzat baino gehiagorentzat. Nire irudipena beti izan da Deba ibaiaren alde honetan pluralerako joera handiagoa egon dela. Ikuspegi xinplea nirea, ezbairik gabe.
Asteburuan artikulu bikain bat irakurri dut ASJUn, azalpen argigarri bezain aberasgarria (mind opener) ematen zuena erabilerok sistematizatzeko. Rikardo Etxepare eta Urtzi Etxeberriaren artikulua sarean duzue: "Izen eta gertakarien gaineko kuantifikazioa".
Lehenik eta bat, taxuz hitz egiten hasi behar genuke, eta komunztaduradunak eta komunztaduragabeak bereizi, eta gero ikusi komunztaduragabeek nolako murriztapenak dituzten zenbait testuingurutan. Hala, gainditu behar genuke multzotasun (komunztaduragabeak) / aletasun (komunztaduradunak) banaketa, guztiz okerrekoa baita.
Komunztaduragabeek izaera distribuitiboa dute:
- Lagun askok altxatu du harria (interpretazio distribuitiboa: bakarka altxatu).
- Lagun askok altxatu dute harria (interpretazio kolektiboa edo distribuitiboa: batera nahiz bakarka altxatu).
Hortik zenbait debeku segitzen dira: ezin dira zenbait aditzekin batera agertu (elkartu, topatu...); ezin dira elkarkariekin baliatu (*Askok ez du elkar ezagutzen); uztarduretan batzuk ezin dira aurrekari izan, ez baitute gurutzaketa-efekturik izaten (ikus 6. or.).
Komunztaduragabeek beste muga batzuk ere badituzte:
- Ezin dira predikazio kategorikoetan ager. *Ikasle asko argia da.
- Ezin dira erabili behin bakarrik izan daitezkeen gertakariak adierazten dituzten aditzekin. *Ume askok hautsi du hondar-gaztelua.
Eskerrik asko egileei artikulua sarean paratzeagatik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: