Arantzazu Royori elkarrizketa. "Pozik nago esperientziarekin"

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2011-01-27 21:45

Aspaldi ez dela, Mohamed Xukriren Ogi hutsa liburuaz aritu ginen plaza honetan. Orain, berriz, itzulpen-lanera hurreratu nahi genuke, barrendu, itzultzailearen eskutik.

Askorentzat ezagun izango da Arantzazu Royo, EIZIEko bulegoburua den aldetik, baina bada tenorea haren beste alderdi bat azaleratzeko: hura ere itzultzaile dugu.

Harekin berriketan arituta ohartu gara kezka bizian aritzen dela beharleku horretan, aitzin-gibel begiratuz, ohartuki irakurriz... Eta, aldi berean, gozatu egiten duela, sufritu beharrean, lehenbiziko bulkada testu-egarriarekin.

Gaudela isilik, hark hobeto azalduko dizkigu-eta ipi-apa guztiak.


Zergatik Xukri? Nola izan zenuen haren berri?

Marokon nengoela, oporretan, liburu-denda batera joan nintzen irakurtzeko zerbaiten bila. Banuen Xukriren aditzea, baina ez haren ezer irakurria. Tahar ben Jelloun-en itzulpenarekin egin nuen topo (Le pain nu), eta halaxe ezagutu nuen. Txundituta geratu nintzen han kontatzen zenarekin, baina batez ere kontatzeko moduarekin. Xehetasunez betea, soil, xume, batere apaindurarik gabe, Xukrik bere haurtzaroko eta nerabezaroko ibilerak kontatzen dizkigu, asko eta asko oso gordinak, baina batere «karga»rik gabe.

Bestalde, arabiera eta itzulpengintza ikasita, biak lantzeko gogoa nuen, eta liburu hau egokia iruditzen zitzaidan horretarako. Esaldi laburrak ditu, estilo xumea erabiltzen du idazleak; ezagutzen ditudan hizkuntzetan ere bazegoen, lagungarri…

Argitaletxeak proposatu zizun itzulgaia ala zerorrek aukeratu zenuen?

Banuen harremana lehendik ere Igela argitaletxeko Xabier Olarrarekin. Nire inpresioen berri eman nion; hark ere ezagutzen zuen liburua, «Egunen batean euskaraz jarriko dut» ere esango nion (asko sinetsi gabe), hark aintzat hartu, eta poliki-poliki, oso poliki, halako batean jarri nuen euskaraz.  

Lehen literatura-itzulpena duzu hau. Nolakoa izan da prozesua: uste bezalakoa ala bestelakoa?

Luzea izan da prozesua, baina ez itzulpenagatik beragatik bakarrik. Ariketa moduan hasi nintzen, eta luze joan zen liburua itzultzeko erabaki sendoa hartzerako. Ezin, ordea, nahi beste denbora eskaini, eta oso tarteka egiten nituen saioak. Hala, neure buruari epea jarri (argitaletxeak hura ere onartu zuen, eta oso eskertzekoa da hori), lantokian baimena eskatu, eta joan den udan hiru hilabete horretara jarrita eman nituen, oso gustura.

Asko entzuna naiz itzulpengintzaren inguruan, EIZIEn, baina gutxi itzuli dut neuk, eta langintza horretan neure burua ezagutzea izan dut. Bi kontu etortzen zaizkit behin eta berriro, nagusiki: batetik pazientzia hitza –behar-beharrezkoa langintza honetan–, eta, bestetik, «testuan nagoen ala ez» sumatzea, bai itzultzen ari naizela, bai ondoren emaitza irakurrita. Horiez gainera, testuarekiko harremana ere etortzen zait: «deitu» egiten zidala (ez egunero, noski). Eta zein aberasgarria den itzultzeko egin behar dugun irakurketa: hitzaren, esaldiaren, testuaren inguruan gauza asko dago, eta horiek deskubritzen laguntzen du itzulpenak, euskarazko baliokidearen bila gabiltzala. Jakina, bilaketa horretan gustura aritzeko, aurrean dugun testua (eta horrek iradokitzen edo esaten diguna) erakargarri gertatuz gero, orduan nekea askoz arinagoa gertatzen da. «Nire tamaina»ko testu bat aukeratu nuen hasteko, eta horrek ere lagundu dit, noski. Era guztietako zalantzen aurrean, banuen horiek norekin konpartitu, laguntza handia izan dut bidean, eta ez nolanahikoa.

Bada, azkenik, hamaika aldiz entzuna dudan esaldi bat: «Ez da sekula amaitzen». Eta hori ere ikusi dut liburu honekin, norberak jarri behar diola amaiera. Eta hor bai, pazientzia kolokan jartzen zait niri. Beste bat (hau ere ez da, ba, amaitzen): «Hobe ez kontatzea zenbat ordu egin ditugun lan horretan, itzulpena baldin badugu ogibide, depresioak jotzea nahi ez badugu». Alegia, best-selerrak itzuli, edo jai. Eta, euskaraz, best-sellerrak itzulita ere, nahiko lan.

Zuzenketaren prozesua ere ikasbide izan dut, didaktikoa izan delako, batez ere. Ez nekien zer zen liburu oso bat itzultzea (hau ez da luzea); beraz, arrastorik ere ez zer zen liburu oso bat zuzentzea. Liburuaren aurkezpenean esandakoa ekarri behar dut hona: «EIZIE elkartean asko hitz egiten dugu itzultzaileez; ez hainbeste interpreteez, eta are gutxiago zuzentzaileez. Horri dagokionez ere, liburu honekin egiaztatu ahal izan dut «kanpoko begi»en garrantzia. Hizkuntzari dagozkion kontuak zuzentzeaz gainera, ihes egin digun edo adierazten asmatu ez dugun hori ikusarazten diguten begi horiena».

Itzulpenaren aitzakian, Tanger eta Tetuan ere ezagutu nituen, liburukoak han gertatzen dira eta. Liburuan agertzen diren lekuetara joan nintzen: Tangerren, mapa eskuan; Tetuanen, berriz, bisita gidatua izan nuen hango lagun baten eskutik.

Arabieratik euskarara zuzenean egindako lehenbiziko itzulpena da hau. Jakina denez, Bowles-en itzulpenak sona handia eman zion egileari mundu anglosaxoian. Erabili al duzu beste itzulpenik jatorrizkoaren ondoan? Nolakoak dira itzulpen horiek euskarazkoaren aldean?

Liburu honek, arabieraz baino lehen, beste hiru hizkuntzatan ikusi zuen argia, eta, oinarria, beraz –jatorrizkoa–, eskuizkribu bat izan zen, ez argitalpen bat. Lehenengo, ingelesez agertu zen (Paul Bowles, 1973), gero frantsesez (Tahar Ben Jelloun, 1980), gero gaztelaniaz (Abdellah Djibilou, 1982ko urtarrilean)… Xukrik idatzi zuenetik 10 urtera argitaratu omen zen lehen aldiz arabieraz (1982ko maiatzean, edizioa berak ordainduta). Handik urtebetera zentsurak bahitu zuen, ordea, eta 2000. urtera arte ez zuen argia ikusi berriro.

Nik hiru itzulpen horiek erabili ditut arabierazkoaren ondoan, eta tarteka katalanezkoa ere bai. Gaztelaniazkoaren ondotik ibili naiz gehien, hori baita, nire ustez, jatorrizkotik hurbilen dagoena. Nik erabili dudan edizioa 2000. urtekoa da, Al Saqi argitaletxearena.

Bowlesek Xukrirekin batera itzuli zuen liburua, gaztelania edo marokoar dialektoa erabiliz zubi-hizkuntza gisa. Tahar Ben Jelloun-ek eta Djibilou-k erabili zituzten jatorrizko testuen berri ez dut, baina hirurak dira desberdinak. Katalanez, 1983ko argitalpenetik itzulia dela esaten du Isaïes Minetto itzultzaileak hitzaurrean (katalanez, 1990ean argitaratu zen).

Bada artikulu bat Meta itzulpen-aldizkarian, frantsesezko eta ingelesezko bertsioak konparatzen dituena: “Shifting voices: A comparison of two novelists’ translations of a third”. Honela dio laburpenean:

[…] The comparison reveals many contrasts. The English version favours a fragmentary, often disjointed style, with simple everyday vocabulary and frequent repetition, while the French version uses more sophisticated syntax and more specialised and varied lexis. There are also differences in content; the English version often remains more implicit than the French and yet provides more horrific details, and it frequently opts for foreignization where the French features the strategy of domestication. It is suggested that these contrasts reflect the ways in which the novelists’ own voices have influenced the way in which they express the voice of Choukri.

Bowlesek berrogeita hamar urte inguru egin zituen Marokon, eta hurbilekoak egingo zitzaizkion hainbat eta hainbat kultura-hitz eta -esamolde. Horietako asko ez zituen itzuli, eta hasierako glosarioan ere ez dira azaltzen. Ingelesezko itzulpenean, esaldi laburrak azaltzen dira, estilo aldetik ez da batere «landua». Tahar ben Jelloun, berriz, marokoarra da, eta frantsesez idazten du. Beste aldera jotzen du hark: mendeko esaldi asko, eta kaleko hizkerari dagokionez, ez hainbeste. (Xukriren bigarren liburuaren frantses itzultzaileak jargoia erabiltzen du barra-barra). Edonola ere, hizkuntzaren beraren ezaugarriak kontuan hartzekoak dira: frantsesez mendeko esaldi gehiago erabiltzen da ingelesez baino.

Itzultzaileen esku-hartzea nabarmen samarra iruditu zait, dena dela: batak erantsi, besteak kendu... bakoitzaren irakurketaren eta idazmoldearen arabera. Kasu batzuetan, Xukrik ematen ez dituen azalpen batzuk ere badira; gehitxo, nire iritzirako, frantsesezkoan batez ere.

Esan bezala, jatorrizkotik (?) hurbilen gaztelaniazkoa iruditu zait (katalana oso gutxitan kontsultatu dut). Frantsesaren aldean, Xukrik idatzitakoak «lañoki»ago, «zuzen»ago eman dituela iruditu zait.

Itzulpen horien jatorrizkoa(k) ezagutzen ez d(it)udanez, ordea, ezin jakin alde nabarmen batzuk zergatik gertatu diren: jatorrizkoa ez delako testu bera, edo itzultzaileen erabakien ondorioz. Bukaerako atalen banaketa ere ez dator bat bertsio horietan.

Euskarazkoan, ez dut neuk aztertuko neure esku-hartzea, noski, baina irudipena dut arabieratik zuzenean itzultzea hobeto zetorkiola euskarazkoari, beste itzulpenen interferentziarik gabe.

Marokoko hizkuntza-egoera bitxi samarra da guretzat. Marokoko arabiera da herritarrek kalean erabili ohi duten hizkuntza; arabiera estandarra idatzian baino ez da erabiltzen ia; horiekin batera, badira zenbait hizkuntza berbere mendialdean eta hegoaldean (Xukrik berak, riftarra izanik, nerabezarora arte ez zuen ikasi arabieraz). Nola islatzen da egoera hori liburuan? Zer zailtasun dakarzkio itzultzeari egoera horrek (batez ere arabieraren dialektalizazioak)?

Euskararen adibidea jarrita, etxeko hizkeraren eta euskara batuaren arteko aldea litzateke, baina nabarmenagoa han. Haiek estandarrean hitz egiteko, guk batuan hitz egiteko baino ahalegin handiagoa egin behar dute, oro har. Ulertzen dute, noski, baina zailagoa da, artifizialagoa, hala hitz egitea. Idazterakoan, ordea, guk batuaz bezalaxe estandarrean haiek, eta elkarrizketak dira, ezinbestean, arrotzenak. Arabiera ikasten gabiltzanoi ere, arrotz gertatzen zaigu kafe bat estandarrean eskatzea, esate baterako, behin bertako esamolde ohikoenak ikasita. Dialektoek, bestalde, ez dute batere prestigiorik.

Liburura etorriz: hasiera-hasieran, amak semeari Rifeko hizkeraz egiten dio, bereberez, eta hala idazten du Xukrik, baina perpausak estandarrean ematen ditu gero, parentesi artean. Lehen orrialdeetan egiten du hori, baina gero ez dio eusten. Estandarrean ari da denbora guztian, eta, halako batean, dialektoz ematen ditu elkarrizketa batzuk, egoera eta giro jakin batean. Parentesi gabe datoz horiek, baina ezagutzen nituen hitz batzuk, eta harrapatzen ez nituenekin beste itzulpenek eta lagunek lagundu zidaten. Ez nuen ikusten zergatik eman zuen hor dialektoz, eta hor bakarrik; izan ere, pasarte horretako giroa eta pertsonaiak sarri agertzen dira liburuan, eta dialektoz ere eman zitzakeen. Beste itzulpenetan nolabait bereizi zuten begiratu nuen, ez da halakorik agertzen, eta, hala, nik ez nuen bereizketarik egin euskaraz.

Hizkuntzen arteko aldeak zenbait behaztopa-harri ezartzen dizkio itzultzaileari bidean, dela prosak berak, dela lexikoak, dela genero-marken ezak… Nolako zailtasunak ditu arabierak euskal itzultzailearentzat gure auzo-erdarek ez dituztenak?

Ez dut horretan pentsatu. Batetik, ez nintzen ausartuko liburua itzultzera, beste itzulpenak eskura izan ez banitu, edo itzulpenik ezean, arabieraz ederki dakien inoren laguntza gabe. Bestetik, ez dakit hizkuntzarena den arazoa. Beharbada, gure auzo-erdaren aldean, kultura, gizarte, bizimolde eta ikusmolde urrunagoak izateak dakar «zailtasun» handiagoa. Testua ulertu, geure egin, eta euskaraz jartzea da lana; iradoki eta esan dizkigunak ematen asmatzea. Intuizioz egin dut itzulpena, ez dut izan sentipenik tonua, erritmoa eta horrelakoak zaintzen ibili naizenik; ez behintzat itzultzen ari nintzela. Berriro irakurrita, batzuetan neuk sumatzen nuen distantzia falta, edo kolorerik eza edo... egunaren eta neure gaitasunaren arabera. Eta, lehen ere aipatu dut, zuzenketa-lanarekin oso eskertuta nago. Nik ikusi ez ditudanak ikusi, zuzenketak eta testua hobetzeko iradokizunak jaso… horiekin guztiekin asko ikasi dut, eta testuak ere irabazi du, jakina.

Zertan da zehazki intuizio hori?

Arian-arian etortzen zaidana ematea; senez, belarriz… «kalkulatu gabe»; erregistro, tonu edo doinu jakin bat bilatu gabe aritzea, hasiera batean behintzat. Ez naizela jabetu, alegia. Dena dela, testuan gaudenean, hala bagaude, denok ari gara intuizioz, ezta? Zuzenketa-prozesuan, berriz, asko ikusi eta ikasi dut: hor bai, hor dator bateratzea, hobetzea, doitzea, koherente jokatzea, erabakiak hartzea eta erabaki horiek defenditzeko gauza izatea… 

Pozik emaitzarekin?

Bai. Eta emaitzarekin baino gehiago, esperientziarekin.

Ba al duzu etorkizunerako itzulpen-proiekturik? 

Ez, baina gustatuko litzaidake beste zerbaiti heltzea. Presarik gabe.

 


Utzi iruzkina: