Ahozkorako prosa

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-09-27 16:14

Uztapideren liburua amaitu dugu irakurtzen, eta laster hona zerbait ekartzeko esperantzan gara. Dena den, aurrenik, batetik, gogoeta egin nahi genuke ahozkoaren eta idatziaren arteko aldeaz, eta, bestetik, herri-prosaren gaurko erabileraz jardun. Horretarako zenbait ikertzaileren hitzak baliatuko ditugu.

Gaur egun, agerikoak dira idatziaren eta ahozkoaren arteko muga estilistikoak, nahiz luzaroan lauso samarrak izan diren. Dena den, oraindik oso zabaldua dago uste hori. Hala, Martin Cutts irakasleak sartu zuen zuzendu beharreko idazkuntzako mitoen zerrendan.

6. mitoa: "Mintzatu bezala idatzi behar zenuke". Maiz entzuten da aholku hori, baina kontu handiz hartzeko da, zinez. Egia da idazlari askok irabaziko luketela, beren testuak solas-moldeetara ekarririk, esaterako, izenordain eta ekintza-aditz gehiago erabiliko balituzte. Hala ere, ez da gauza bera mintzatzea eta idaztea. Gehienok ez dugu perpaus osoen bidez hitz egiten: gure berriketaren transkipzioa mordoilo ulertezin bat litzateke paperean. Hara, idazkuntza argia solasaldi transkibatua baino zerbait gehiago da; solasaldi antolatu, landu eta findua da. (Oxford Guide of Plain English, OUP, 2007)
Lehengoan genioenez, horixe da idatziaren ezaugarririk behinena: ez dela bat-batekoa, antolatua eta maneatua baizik. Antonio Zavalaren "Auspoa"n, aldiz, liburu asko magnetofonoz jasoak dira, eta beste asko burura etorri ahala idatziak, gero Zavalak txukuntzen zituen arren; beraz, prestalanei dagokienez, ahozkotik idatzitik baino hurreago daude liburu horiek: errepikak, hari solteak, digresioak ugari dituzte.

G. Brown eta G. Yule irakasleek ere aipu dituzte, besteak beste, bat-batekotasunaren ondorioak.
Idazleak [hiztunak ez bezala] berrikus dezake izkiriatu duena; hitz bakoitzaren aurrean paratu, kezkatu gabe solaskidea tartean sartuko ote den; denbora hartu hitz bakoitza aukeratzeko, baita, beharrezkoa izanez gero, hiztegian begiratu ere; testuaren garapena eta oharrak alderatu; idatzia berrantolatu, eta esandakoari buruzko iritzia aldatu ere bai. Hiztuna behartua dago hizketan jarraitzera txanda dagokionean; aldiz, idazlearen ezaugarria da presiorik gabe aritzea. (Discourse Analysis, Cambridge, 1983)
Gure Cassany estimatuak ere, puntuazioaz ari delarik, ohartarazten gaitu bi erregistroen arteko nahasteaz.
Idazkuntza komunikazio mutua da. Idazten ditugun testu gehienak bakarka eta isilean irakurtzeko dira. [...] Bestetik, puntuazioa entonazioaren mende ezarrita, nahi gabe hedatzen ari gara harako uste zaharkitu hura, idatzia hizkuntzaren ahozko moldearen transkipzio hutsa dela. (La cocina de la escritura, Anagrama, 2007)
Hizkuntza-kontuetan, jakina, ez dago molde edo erregistro erabatekorik, eta denen premiarik bada. Herri-prosa ere, bistan denez, eredu baliotsua da, batez ere bigarren ahozkotasuneko testuak sortzeko (gidoigintzarako, esaterako), edo elkarrizketak nahiz ahozko jardunak idatzian jartzeko (kazetaritzan nahiz literaturan). Lehenago mintzatua da gai horretaz Pello Esnal, esana gaudenez, eta onena duzue haren artikulu honetara jotzea argi bila: "Herri-prosa oinarri eta bide", Euskera L, 2005-2. 

Uztapiderenak zor orain.


Utzi iruzkina: