Aberats eta pobre

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2008-09-26 08:40

Behin entzun nion Koldo Izagirreri klasikoak irakurri behar zirela hizkuntza tresnatzeko, Frai Bartolok, esaterako, opari eman ziola giltza eman ( ‘amaitutzat jo’) esapidea, eta halako beste hamaika aurkikunde izaten direla. «Harritzekorik ez», pentsatuko duzue.

Hitzaldi hartan jardun zuen, orobat, hizkuntzen mestizajeaz, euskara hizkuntza nahasia, mestizoa, zela esanez. Eta erantsi zuen inori berriro euskararen milenariotasunaz hizketan entzunez gero mihia moztuko liokeela eta halakorik irakurriz gero eskua moztuko liokeela idazlariari.

Gogoeta horietan ari nintzela, egokia iruditu zait aldika testu zahar batzuk ekartzea hona, horietan zerbait azpimarratzeko, ikasbide gisa.

Gaur hona ekarri dut 1935ean Lekeitioko Udalak ateratako bando (agintza) bat. Euskara batura aldatu dut. Jatorrizkoa hemen duzue.

  AGINTZA
Bihar herriko neskatila batzuk ibiliko dira Bilboko Ospitalerako dirua batzen.

Edukirik kontuan zelan Ospitale horretara joaten diren Lekeitioko gaixo pobre asko eta, baita ere, albo-herrietakoak, eskatzen da ez dadila inor ere geratu, ahal duen ginoan, dirua eman barik, aberatsek aberatsen moduan eta pobreek pobreen moduan.

Baita eman ditzake nahi duenak zozketarako gauzak.

(I. Trebiño: Administrazio zibileko testu historikoak)



Utzi iruzkina: