Erreala galtzaile

nirebazterra 1456151829637 Nire bazterra | 2008-12-21 22:11

     Azkenaldian dexente idazten dut futbolari buruz, agian gehiegi. Pena da, baina idazten dudan bakoitzean kirol honen inguruko gai itsusiren bat komentatzeko da; hobe gutxiago idazteko aukera banu.

     Atzo, Anoetako belodromoan, logikak itsukeriaren aurka galdu zuen, arrazoiak boterearen aurka eta ilusioak manipulazio eta diruaren aurka. Atzo, Erreala inoizko egoerarik gordinenera eraman zuen pertsonak (Miguel Fuentes jaunak) presidente berria hautatu zuen talde txuri-urdinarentzat. Bai, hautatu diot, prensan agertu zen bezala bere inguruak Errealaren akzioen %35a kontrolatzen baitu.



     Atzo, batzarra baino bi egun lehenago sortutako hautagai talde bat irten zen garaile belodromotik. Korrika eta presaka sortutako talde bat. Bere egitarauan kirol eta ekonomia irtenbiderik edo proposamenik ez duen talde bat (hemen duzue egitaraua, ez du ezer zehatza jartzen). Bere burua "Errealaren Lagunak" izendatzen duen talde bat, kideen artean inoizko Errealaren historiako zulorik sakonena zulatzen lagundu zuten pertsonak izan arren. 

     Atzo argi geratu zen gehiago balio duela pertsona baten botere ekonomikoak milaka pertsonen ilusio eta nahiak baino. Argi geratu zen kontseilu berri honek dimisioa aurkeztu beharko zuela gaur bertan Errealaz zertxobait arduratuko balitz, jendeak ez baititu indarrean nahi; egoismoak ez ditzala itsutu. Argi geratu zen jendeak Badiola nahi zuela, edo behintzat ez zuela Errealaren Lagunak nahi.  



     Atzo Diario Vascok Errealaren presidentziarako hautaketan irabazi egin zuen, baita egunkari bezala galdu ere. Botere mediatikoa erabiliz zaleak Badiolaren aurka jartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu; herriaren begiek ederki egiten dute lan, ez dituzte Tito Irazustaren betaurreko deformanterik nahi.

     Badiolari buruz zera deritzot: arazoa ahoaren tamainan duela. Hala ere, presidente ona iruditzen zait, Errealarentzat egokia. Egindako lan ona eskertu besterik ezin dut egin hemendik. Berak ere irabazi egin zuen atzo; milaka zaleen hatsa sentitu zuen bere izena ahoskatzen. Gorabeherak izan ditu, bai, baina herria berarekin zegoen. Galtzaile bakarra Erreala izan zen. 

     Neure buruari ezetz esaten diot, baina askotan datorkit hobe Erreala desagertuko balitz esaldia burura. Gehiegi maite dut horrela ikusteko. Aiztoa bizkarrean sartua du, eta Fuentesen ingurua ez da gai sendatzeko; gainera, ez die besteei sendatzen uzten. Azkenean odolustu egingo da.


Utzi iruzkina: