GURE HIZKUNTZA BIOGRAFIA

1

DBH3 ikasturtean gure hizkuntza biografia idaztea izan zen gure konpetentzietako lana euskarako ikasgaian. Bertan, gure jaiotzetik 2021ra artean ikasitako, entzundako eta gustatutako hizkuntzei buruz idatzi genuen. Idatzi hauetan, letra lodiz dauden hitzak, hitz garrantzitsuak dira, hiruhileko horretan ikasi eta landu genituelako.

LEIRE:

Nire hizkuntza biografia

2006ko azaroaren 14an jaio nintzen ni. Nire bizitzan zehar mintzatu, ikasi eta mirestu ditudan hizkuntzak etxe baten eraikitze prozesuarekin konparatuko ditut. Zergatik? Nire  bizian zehar topatu ditudan esperientzia eta zailtasunak, behin baino gehiagotan, etxe batekin konparatu izan ditudalako.

Lehenik, nire gurasoek, nire anaia zaharraren laguntzaz etxearen zimenduak osatu zizkidaten, komunikazioaren oinarria eraiki zidaten; nire kasuan euskara irakatsi zidaten. Euskara hizkuntza txiki bat da, hots, hiztun gutxi dituena, gutxi gorabehera 750.000 hiztun. Eraiki zizkidaten zimendu horiek sendoagoak izateko, nire gurasoek hizkuntza-handi bat ere transmititu zidaten; gaztelania erakutsi zidaten, euren belaunalditik neurera.

 Egun arrunt batean nire etxearen lehen adreilua jarri nuen; nire lehen hitza, oker ez banago, “ama” edo antzeko bat izan zen. Garai horietan, nire etxeak zituen adreiluak oso finak eta landugabeak ziren, euskara batua hitz egiten nuen, edo saiatzen nintzen... Ez naiz gogoratzen, noski, baina kalean lagun bat topatzerakoan, euskaraz hitz egiten genuen eta lasaitasunez ibiltzen ginen hizketan eta jolasean, ongi hitz egiten ez genuen arren. Anaia, lehengusu, eta bestelakoei euskaraz  izugarri ondo hitz egiten entzuten nien. Euskara oso polita eta aberatsa entzuten nuen beraiengandik, eta nik ere, beraiek bezain ondo mintzatu nahi nuen euskaraz, baina ez nuen gaitasunik oraindik, nire alegiazko etxeak oraindik ez zuen oreka eta segurtasunik. Hala ere, banekien, segurtasun hori lortzeko lan dezente egin beharko nuela.

 Lehen aipatu dudan hizkuntza-handi hori, gaztelania, euskararekin hizkuntza-ukipenean dagoen hizkuntza bat da eta nire irudimeneko etxea beste adreilu mota batzuekin osatzeko aukera eman didan hizkuntza bat da. Familian ere asko entzundako hizkuntza da, baina eremu txikiago batean: etxean bereziki. Hizkuntza-funtzionala denez, hizkuntza hau ikasi izana oso garrantzitsua dela iruditzen zait, eremu guztietan erabil daitekeen hizkuntza bat delako eta nahiko eroso sentitzen naiz hitz egiterakoan. Dena dela, nahiago dut kalean eta egunerokotasunean euskara erabili, diglosia egoeran baitago, hau da, gaztelaniarekiko mendekotasun-egoera dago.

 Txikitatik oso saltseroa naizenez, nire gurasoen elkarrizketa guztiak entzutea gustuko nuen, beraz, tartean sartu, eta gaztelania barneratzen hasi nintzen. Denbora batera, gazteleraz mintzatzen ere hasi nintzen pixkanaka, gurasoei bereziki, beste ezertarako erabiltzeko beharrik ez nuen eta.

Beraz, bi hizkuntza hain desberdin hauek nire etxearen oinarrian dauden bi adreilu mota ezberdinak dira. Ukipen-hizkuntzak direnez, hots, gizarte berean mintzatzen diren bi hizkuntza desberdin direnez,  biak batera ikasi nituen familiarengandik haurtzaroan eta biak erabiltzen nituen egunerokotasunean. Nik ikasitako lehen bi hizkuntzak izan dira, beraz, nire bi ama hizkuntzak direla esango nuke.

2 urte bete baino lehen, ikastolan hasi nintzen, bertan, euskara gehiago ikasten hasi eta gaztelaniaz hitz egitea  Argitxok  “debekatuta” zuenez, ez genuen inoiz euskara ez zen beste hizkuntza batean hitz egiten. Gogoan dut egun batean,  ikastola txikian, lagun batekin hizketan nengoela eta ez nekiela nola esaten zen hitz bat euskaraz, gaztelaniaz baizik. Orduan, beste aukerarik ez nuenez, belarrira gaztelaniaz esan eta nahiko gaizki sentitu nintzen, euskaraz esan ez nuelako. 

4 urterekin, beste adreilu batzuk ezagutzen hasi nintzen, niretzat arraroagoak zirenak, eta ez zitzaizkidan asko gustatu. Hizkuntza hark ez zidan sentimendurik transmititzen, beraz, nire etxean ez nituen txertatu adreilu mota horiek. 

 5-6 urterekin, adreiluaz gain, nire etxean leihoak agertu ziren eta hitz egiteaz gain, komunikazioaren beste alde bat praktikatzen hasi nintzen, oso garrantzitsua dena: irakurtzen ikasi nuen. Poz handia izan nuen garai horietan, irakurtzeko gaitasuna izatea oso garrantzitsua iruditzen zitzaidalako. Bazkaltzera joaten nintzenean, nire garbigailuaren marka irakurtzen saiatzen nintzen, horrela ikasi nuen “Fagor” hitza irakurtzen, eta ordutik gogoan dudan hitz bat da. 

Nire bizitzan zehar, gaztelania eta euskara asko hobetu direla konturatu naiz, nire etxeko adreiluak eraikitzen nabil egunero-egunero, gero eta sendoagoak eta egokiagoak. Noizbehinka, lagunarteko hizkuntza erabiltzen ari narizenean, adreiluak nahasi eta kalkoak egiten ditut, bi hizkuntzak nahasiz itzulitako esaldi bat osatzen dut. Beste batzuetan, maileguak erabiltzen ditut, eta kode-aldaketak ere bai, esaterako, gaztelaniaz hitz egiterakoan, euskarazko hitzak sartzen ditut eta “hoy no tengo etxekolanas” eta antzeko esaldiak esanez. Badakit ez direla egokiak, horregatik, horiek saihesten saiatzen naiz.

DBH 2an nengoela, lehen aipatutako adreilu mota arraro horiek gustatzen hasi zitzaizkidan eta ingeleseko akademia batera joaten hasi nintzen, bertan asko ikasten dut eta gero eta gehiago gustatzen zait ingelesa. Irakasleak esaten didanaz gain, ingelesez elkarrizketak, abestiak eta telesail batzuk ikusten ditut, batzuetan azpitituluekin, eta ulermena asko hobetzen dela iruditzen zait. Ingelesezko abestiak bereziki, entzutea eta abestea oso gustuko dut. Hizkuntza hau gehiago ikasten jarraitzea gustatuko litzaidake eta egunen batean, atzerriko herrialde batera hizkuntza hau praktikatzera joatea ere gustatuko litzaidake.

Gaur egun, sare sozialetan, gehien bat gaztelera erabiltzen da. Esanak esan, twitter sare-sozialean, eduki batzuk ikusten ditut euskaraz eta zein hiztun-komunitate polita dugun ohartzen naiz. Hala nola, euskara normalizatzeko ekimen bat martxan jartzen denean, albiste asko ikusten dira bertan.

Etorkizunean, euskaraz bizi nahiko nuke, gaztelera nahita nahiez erabili behar izango dudan arren hainbat arlo eta eremuetarako. Ikasketak, euskaran egitea gustatuko litzaidake eta nire etorkizuneko lana, ahal den neurrian euskaran egingo dut. Horrela, nire alegiazko etxea gero eta politago, txukunago eta egokiagoa geldituko da.

 

ADUR:

Jaio nintzenetik euskara izan dut ama hizkuntza, etxean amarekin, eta aitona-amona eta lehengusuekin ere hitz egiten dut euskaraz. Beraiek transmititu zidaten hizkuntza hau, euskara hizkuntza txikia da.

Baina 2 urte nituela gaztelania ere ikasi nuen, nire aitarekin erabiltzeko, nire osaba-izeba batzuekin ere erabiltzen dut, gaztelania hizkuntza handia da.

Euskarak eta gaztelaniak hizkuntza-ukipena dute, gizarte berean bi hizkuntzak hitz egiten direlako.  

Euskara asko aldatu da azken urteetan,  gaur egun beste hizkuntza batzuetatik maileguak hartzen ditugu, eta lagunekin edo famialiarekin, hizkuntza informala erabiltzen dugu, baina hizkuntza formala erabiltzerakoan euskara batuan idazten dugu.


Bi hizkuntzekin oso ondo moldatzen naiz, 5 urte inguru nituenean ingelesa ikasi nuen ikastolan, gaur egun ere nahiko ondo erabiltzen dut hizkuntza hau.

DBH hasieran, frantsesa ere ikasi nuen, hau gehien kostatzen zaidan hizkuntza da, baina oraindik 3 urte besterik ez noa ikasten.

Irakurtzen ditudan liburu gehienak, gaztelaniaz eta euskeraz dira.

Euskara eta gaztelania asko aldatu dira azken urteetan, euskarak gaztelaniazko hitzak erabiltzen ditu, maileguak deiturikoak, eta gaztelaniak, ingelesetik hartzen ditu maileguak.

Euskaraz hitz-egitea gustatzen zait, ikastolan bertsoak, ipuinak, eta testu desberdinak idazten ikasi dut. Gaztelanian irakurtzea dut gustuko, baina poesia eta ipuinak egiten ere ikasi dut, ingelesa ez dut oso gustuko, ikastolan, abestiak, poemak, ipuinak ere andu ditugu, eta frantsesan ez zait hitz-egitea gustatzen, asko kostatzen zaidalako, baina lehengo urtean antzezlan bat egin behar izan genuen.

Hizkuntzak, gaiaren arabera ikasten ditut, gaia gustukoa edo erraza baldin bada, ez dut asko ikasten, baina zaila baldin bada, gehiago ikasten dut.

Liburu asko irakurri ditut euskeraz eta gaztelaniaz, eta batzuetan liburu berdinak bi hizkuntzetan ere irakurri ditut.

Beste herrialde batzuetara bidaiatu dut, Frantziara, Inglaterrara, Italiara eta Portugalera adibidez, baina herrialde horietan nik ez nuen asko hitz egiten.

Youtubeko edo Twitcheko bideo eta streaming batzuk ingelesez ikusten ditut, eta esaten dutena ulertzen saiatzen naiz.

Etorkizunean, berdin zait zer hizkuntzetan bizi, baina euskara beti erabili bahi nuke, eta lana beste toki batean egitea tokatzen bazait, nik uste dut hizkuntza pixkanaka ikasten joango nintzela, ez nuen arazo handirik izango.

 


Utzi iruzkina: