Zorionak Hala Bedi!
Gasteizen bizi nintzenean egunero entzuten nuen Hala Bedi irratia. Oso irrati freskoa da, izan edo ez, gazte sentitzen direnek eginikoa. Hala Bedi entzutean badirudi presiorik gabe lan egiten dutela eta egun, eskertzekoa da hori. Izan ere, hedabideek tankera guztietako presioak pairatzen dituzte noiz edo noiz.
Aurten hogeita bost urte bete ditu Hala Bedik komunikatzen, eta urteurrena aitzakiatzat hartuz, “Komunikabide alternatiboak eta teknologia berriak” deituriko jardunaldiak antolatu zituzten pasa den ostiralean eta larunbatean, hots, otsailaren 29an eta martxoaren 1an. Aldabe Gizarte Etxean izan ziren hitzaldiak.
Egun mass mediek duten eragina dela eta, zaila da komunikabide alternatiboentzat bizirik irautea, are gehiago irratien kasuan. Horregatik, biziki garantzitsua iruditzen zait Hala Bedi bezalako irrati xume batek hodeita bost urte bete izana.
Jardunaldietan komunikazio alternatiboen eboluzioaz hitz egin zuten. Noiz, non eta zergatik sortu ziren eta oraindaino lorturiko emaitzak errepasatu zituzten. Teknologia berriak ere izan ziren hitzaldietako protagonistak. Aztertu zituzten Internetek ekarritako erronka berriak eta komunikabide alternatiboengan izan ditzakeen onurak eta kalteak. Irratien Dekretuaren inguruan ere eztabaidatu zen. Horrekin batera, gure mugaz haraindiko hedabide alternatiboen esperientziak ezagutu ziren, Kurdistango Gun irratiko kideen eskutik.
Hori guztia antolatu zuten irratiaren XXV. urteurrena eta gaztetxearen okupazioaren XX.urteaurrena ospatzeko. Ospatu beharreko urtemuga, zalantzarik gabe! Horregatik, txoko honetan aipu bat egitea okurritu zait. Entzule xume baten omenaldi txikia da hau, Hala Bedirekin momentu oso onak pasa dituen baten gorazarrea.
Txorionak, aurrera bolie eta zuek esaten duzuen moduan: izan untsa, untxi, luntxa edo dutxa!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: