Canfranc, mon amour

niente_di_niente 1456151822488 Mari Domingi | 2008-05-03 11:35

Obsesio berezia daukat arkitektura urbanoarekin. Aitak txikitatik barneratu didan afizioa da seguru asko. Toki berri bat bisitatzen dudan bakoitzean, eraikinek hartzen dute nire arreta guztia. Inoiz ikusi dudan edifiziorik magikoena da Canfranc-eko tren geltokia. Europako edozein hiriko geltoki izan zitekeen arren, paisaia menditsuan du bere habia, Pirinioen bihotzean. Frantziako mugatik gertu, modernismo arkitektonikoaren sinbolo ederra da Canfranc. Badauka aura berezi bat, besarkatu, eta iragana berpizten laguntzen nauena, izan ere, Canfrancek jauregi mamua dirudi.

20017881_fd06093836[1]

Oraindik mantentzen dira garaiko hotela, harrera gela, trenen etorrera markatzen zuen erlojua, aduana... Barrura sartu eta XX. mendeko gertakizun historikoak gogora ekar ditzazket: Frantziarekin lotzeko ezinbesteko pasartea zenean, naziekin urrearen trafikoa errazten zuenean, baita gerra garaiko errepublikarrak atxilotzeko espioitza zerbitzuen egoitza zenean ere. Kosta egiten zait ulertzea nola utzi duten hain huts, nola iritsi den degradazio egoera horretara, zergatik ez duten agintariek zaindu. Duintasuna aspaldi erori zitzaion, baina agian horretan datza bere xarma. Orain monumentu malenkoniatsua besterik ez da. Garaiko oparotasuna galdu du, baina aldi berean, bizitzari eutsi nahi dio. Borroka horretan diraute Canfranc herriko biztanleak eta badirudi geltokia ahanzturatik atera dutela. Dagoeneko hasi dira eraberritze lanak. Etorkizunean luxuzko hotela izango da, eta Frantziak hala nahi badu, bi estatuen arteko treneko komunikazioa berreskuratuko da. Eraikinaren egituran aldaketa batzuk egingo dituzte, baina zin egin dute geltokiak ez duela bere izaera galduko. Halaber, beldur naiz, ez baitakit magia berriz ere sentituko dudan.


Utzi iruzkina: