Bake spamak
Aritz Gorrotxategik Diario Vascorako eindako idatzia.
Mezu misteriotsuak jaso ditut e-postaz. Ez dirudite spamak, baina nire korreo elektronikoan sartzen dira masiboki. Baketik deritzon erakunde batek bidaltzen dizkit, baina nik ez dut erakunde hori ezagutzen. Ez dakit zein den gu bion artean dagoen lokarria. Dakidan bakarra da nire helbide elektronikoa jakin dutela nik eman gabe.
Handik egun gutxira, deskubrimendu argigarri bat egiten dut. Badakit zer den Baketik hori. Bakearen aldeko enegarren erakundea. Ezustea are larriagoa da erakunde horren burua nor den jakitean: Jonan delako bat. Umm pentsatzen dut bakegile profesional hori tartean izanik, egongo dela lokarriren bat Baketik eta Elkarriren artean. Barkatu, Lokarri edo Egarri zen?
Ez da kasualitatea, ez. Hots, ez naiz hasiko hemen esaten zein ohoragarria den bake elkarteak sortzea. Ez nago horren kontra, jakina; zenbat eta bake elkarte gehiago, orduan eta bake gehiago, ezta? Era berean, hunkigarria da ikustea nola arrimatzen diren alderdi politikoetako kideak aurkezpen argazkietara. Azken batean, haiek ere profesionalak dira. Bakearenak, noski.
Baina zuzenbidea ikasi dudan aldetik, bada kezkatzen nauen xehetasun bat. Norbaitek nire datuak eman dizkio sortu berri den erakundeari. Eta ez naiz ni izan. Kabalak eginda ondorioztatu dut Elkarrikoen datu basetik hartuko zituztela. Ziurrenik, sinadura bilketa tranpa batean emango nizkien haiei ere datuak. Ezin izan diot tentazioari eutsi nire buruari galderak egitekoa: erditze multiplea izan ote du Bakeak eta ni enteratu ez? Bakearen multinazional baten aurrean gaude? Kirurgia estetikoa egin du Bakeak? Umm Espiak saihesteko kirurgia hori egin beharko dut nik ere.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: