Nairobirako lehen bidaia hura: Abentura baten hitzaurrea
1970ko hamarkadaren amaiera hartan, Tolosaldeko sei-bederatzi lagun sarri samar joaten ziren Pirinioetara, Comer furgoneta haietako batean. Angel Ortizek fresko ditu sasoi hartako gora-beherak: "Lukas Mendikute, Manolo Mokoroa, Josu Iztueta, ni neu… Hainbat zaletasunen artean, motorrean ere ibiltzen ginen eta behin Manolo etorri zitzaidan Bulto anaien kontuarekin, 70ko hamarkadan nola joan ziren motorrean Kilimanjarora eta ea antzeko zeozer egitera animatuko nintzatekeen".
Frantziako gida bat erosi, eta ideia maparen gainean marrazten hasi ziren, Afrikako berotasunarekin berotzen. Motorrean joatea zen euren lehen asmoa, furgoneta batek lagunduta, baina ezin izan zuten furgoneta lortu; hala ere, asmoa ez zen itzali, ez horratio. "Pirinioetako zeharkaldia egiten ari nintzela, Belaguan azaldu zen Manolo, eta esan zidan: 'Zer, Angel, eta autobusez joaten bagara Afrikara?". Halaxe hasi ziren txatarreriak begiratzen, autobus zahar baten bila. "Gaintzurizketan, Azpeitian, eta beste leku batzutan ibili eta gero, Aizpurua autobusetako lagun baten bidez Donosti-Hondarribi lineako autobus zahar bat ikusi, eta huraxe hartu genuen. Kanpotik ondo zegoen, mekanika aldetik ere aurrenekoan arrankatu zuen…" dio Angelek. Abenturak ere hantxe arrankatu zuen.
Hurrengo hiru-lau hilabeteak auzolanekoak izan ziren, Pegaso zahar hura atontzen eta barrutik prestatzen. Angel bera —"lagun batzuk liatuta"— arduratu zen batik bat autobusa basamortua zeharkatzeko moduan jartzen. Manolo Mokoroari, berriz, alde logistikoa egokitu zitzaion. "Bidaia antolatu bezala prestatu genuen, eta esku orriak egin behar ziren, bidaia ezagutarazi batean eta bestean…". Azkenean, Manolo Mokoroa, Angel Ortiz eta beste hamazazpi lagun elkartu ziren lehen abentura hartarako. "Gasteiz, Bilbo, Donosti eta Tolosako jendea, katalanak, Alicanteko bizpahiru… leku askotako jendea etorri zen". Lehen bidaia hura 99.000 pezeta kostatzen zen, hiru hilabete Nairobira joan eta etorri.
Irakurtzen jarraitu...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: