Josu Iztuetari jarritako bertsoak bere 50. urtemugan

nairobitarzaleak 1456151749136 Nairobitarra | 2007-08-29 20:16

(Doinua: Amurizaren “Aitarena…”)


Bertso hauekin ordaindu nahi dut
Hor ez egotearen zorra.
Gaur Asteasun, zure inguruan
Duzu giro maitekorra,
Hainbeste lagun izatea da
Zuk landu duzun altxorra,
Mende erdiko ataka ez da
Gainditzeko hain gogorra,
Dasta ezazu laguntasuna
Eta dastatu txistorra.

___________

Berdin Laponia, berdin Alaska,
Abentura bila nonahi,
Buru barruan beti dantzatzen
Hainbat txango eta bidai,
Zure ametsak bost hamarkadan
Gauzatzen izan zara gai,
Atzean utzi duzun denbora
Ez da izan behar etsai,
Jarraitu amesten esnaturikan
Lotan zaudela ere bai.

___________


Mende erdian gaurtik aurrera
Murgildurikan zabiltza,
Denborak jartzen duen legea
Bai dela lege bortitza,
“cincuenton” ere hola esanda
Oso xamurra ez da hitza,
Baina zuk badakizu gordetzen
Gaztetasunaren giltza,
Bizitzan ez kontatu urteak
Baizik urteen bizitza.

                Antxon Iturriza


Hemen bertsolari kaxkar baten bertsoak. Mendiluzerenak hobeak izango ziren, baina maitasun gehiagorekin eginda seguru ezetz.


Utzi iruzkina: