Pako Aristiri bidalitako erantzuna(k) ...
Hemen duzue Pako Aristik 2006ko abuztuaren 10ean Berria egunkarian idatzitako Terapeutika izeneko artikuluari irakurle batek bidalitako erantzuna.
Zuzendariari
Pako Aristik idatzitakoari buruz
Pako Aristik idazten dituenak, oro har, gauzen azken muturreraino joateko idazleak egiten duen ahalegin zintzoaren erakusle iruditzen zaizkit, eta horrelakoak oso beharrezkoak zaizkigula uste dut. Ia gehienetan ni bat nator esaten dituenekin, ez, ordea, abuztuaren 10eko Terapeutika izenburukoarekin. Baliteke terapia asko jendeari dirua ateratzeko izatea -askotan ez da hainbeste terapia bera, baizik eta terapeuta usteko asko dabilela-, baina beste asko erreminta lagungarriak izan daitezke, batez ere horrexegatik, «inutil emozional» izateraino iritsi garelako, eta hori onartu beharra daukagulako. Pertsonari hainbat gauza gerta dakioke bizitzan, hurkoarekin hitz eginda bakarrik gainditu ezin dituenak. Askotan, gainera, ez da hainbeste zer gertatu zaizun, baizik eta gertakizun hori nola bizi izan duzun. Denok ez gara berdinak. Eta terapia asko halakoetan oso lagungarriak dira, baita norberaren burua ezagutzeko ere. Benetan ohartzeko ez garela betiko; duelua pasatu egin behar dela zerbaiten pena inoiz gaindituko badugu; zeure buruaren kontra egin beharrean, alde egiten ikasteko; amak behar zenuen bezala maite ez bazintuen, haren arrazoiak ulertzeko, eta ohartzeko hark ez zituela zuk izan dituzun aukerak izan; menopausia drama bat ez dela ohartzeko (gizarteko arauei jarraituz gero benetako drama izan bailiteke)... Eta, gainera, terapia asko ez dira horren garestiak, eta batez ere baliagarriak izan daitezke «pilula mordo bat» hartu behar ez izateko.
Behin, nahiko larri ikusten nuen lagun bati esan nion yoga oso lagungarria zela hainbat gauzatarako (agian, ez da adibiderik egokiena hona ekartzeko, baina yogaren ordez izan zitekeen beste terapia horietako bat), eta honela erantzun zidan: «Mesedez, ni abertzalea naiz!». Abertzalea, bai, baina asko sufritzen zuen.
Xexili Lopetegi. Andoain 2006-08-13
Zuek ere, nahi izanez gero, hemen duzue zuen iritzia plazaratzeko aukera.
Iruzkinak
Rosa 2007-02-12 15:36 #1

Pablo Aristik estilo zorrotz, idor eta zuzen erabiliz, gure gizartekoak gauzaez batzuk baino ez garela eta gaur egun arazo guztiak konpontzeko laguntza profesionala behar dugula esatera datorkigu Berria egunkarian idatzitako testuan. Nahiz eta bere hitzak oso negatiboak eta gogorrak iruditu eta esandakoarekin guztiz ados egon ez arren, neurri batean bat nator bere iritziekin.

Nik ez dut uste jendea errealitatetik urruti bizi denik, baina nik gure gurasoekin eta aitona-amonekin konparatuz oso ezberdinak garelako ustea daukat eta bizitza era erabat ezberdin batean bizi garela gaur egun. Orain dela berrogeita hamar urteko jendea zailduagoa eta gogorragoa zen. Haiek bazekiten bizitza zaila eta gogorra zela eta guk ez bezala, haiek onartu egiten zuten eta ondorioz, oso jarrera gogorra eta neurri batean samurra zuten bizitzari eta bizitzak zekarkienari aurre egiteko.

Gaur egun, aitzitik, kontrakoa gertatzen da nire iritziz. Gazteei baita nire belaunaldikoei ere, ez digute sufritzen eta arazoei aurre egiten irakatsi. Orokorrean gurasoek seme-alabak gainbabesten dituzte eta haien inguruan dena perfektua izatera ohitu dituzte. Familiaren arazoetatik, heriotzetatik eta gaixotasunetatik umeak babestea oso orokorra denez, bizitzaren “gorabeherak” sufritzen hasten direnean ez dakite nola aurre egin eta tragedia bihurtzen dira maiz eguneroko pasadizoak.

Egia da, bestalde, gaur egungo bizitzek ez dutela gure aitona-amonenekin zer ikusirik. Ez dakit errazagoak ala zailagoak izango diren baina oso ezberdinak direla argi eta garbi dago. Gaur egungo jendearen behar eta kezka asko ez ziren aspaldi existitzen eta ondorioz, egoera horietarako konponbideak ezberdinak ere izan behar dira nahitaez.

Dena asmatuta dagoela diote orain eta, agian, egia da. Medikuntza aurreratua, terapia alternatiboak… badirudi denetik dugula edozein motatako arazoak konpontzeko eta nik, Aristik ez bezala, hau dena izatea zorte izugarria dela deritzot. Aurrekoek herriko petrikiloa eta apaiza baino ez zuten zorigaitz guztiak sendatzeko eta nik dakidanez, izugarri sufritzen zuten eta oso gazte hiltzen ziren orokorrean. Guk, bederen, aukera gehiago daukagu gure gorputzaren eta arimaren (edo buruaren, hobeto esanda) arazoak konpontzeko. Medikuntza -psikologia eta psikiatria barne- eta farmazia izugarrizko negozioak izan badira, baina haiek erabiltzeko beharra dugu inolako zalantzarik gabe. Beste terapia guztiak, zergatik ez? Arazoren bat dugunean gure eskura dagoen beste aukera bat baino ez da. Negozio hutsa bihurtzen dugun ala ez hori, beste gauza guztiak bezala, guk erabakitzen dugu eta azken finean gure onurako bada, nor etorriko zaigu leloak edo gauzaezak baino ez garela esatera? Aristi?

Txaro 2007-02-20 19:51 #2
GAURKO TERAPEUTIKA:ABERATSENTZAKO IPUIN BAT

Pako Aristik Berrian idatzitako artikuluak hautsak harrotu ditu, irakurle gehienek bere iritzia erradikal samarra aurkitu dute. Ni,berriz, oro har, bat nator idazlearekin eta hurrengo lerrootan nire ustea emango dizuet.

Izan ere, bai psikologia bai psikiatria negozio bihurtu dira: saio bakoitza garestia baino garestia delako. Bestalde, gure arazoei aurre egiteko psikiatrarenera joatea puri-purian dago.Agian Woody Allenek modan jarri zuen bere filmetan protagonistak behin baino gehiagotan psikiatrarengan jotzen baitu bere buruhausteak konpontzeko. Horrela azken urteotan Argentinako psikiatrak perretxikoak bezala ugaritu dira. Edozein problema daukagunean, senide bat hiltzen denean edo gure bikotekidearekin harremanak apurtzen ditugunean, psikiatrarengana abiatzea premiazkoa da. Psikologoak ez ezik laguntza liburu izenekoak ere pil-pilean daude, nahiz eta nahiko txarrak diren.

Zergatik gertatzen ote den galdetzen diot neure buruari. Lehenik eta behin, Pako Aristik esaten duen moduan, gizarte super kapitalista honetan guztia diru iturri bilakatzen baita. Horren ondorioz psikiatra nahiz psikologo gehienek ez dute nahi pazientea lagundu, ezpada dirua irabazi. Bigarrenik, helduak bagara ere heldutasunik eza daukagu, ez baikara gauza onartzeko bizitza heriotzarekin eta oinazearekin lotuta dagoela.Hori idaztean Gabriel Celayaren hitzak etortzen zaizkit gogora“Sufritzen dut, beraz bizi naiz”.Hirugarrenik eta azkenik errrealitatetik urru-urrun bizi gara, beti ederrak eta beti gazteak izan nahi dugu sufrimenduari eta atsekabeari ezikusiarena eginez.

Esandako guztiak ondorio honetara garamatza: Pairamena bizitzaren zatia da eta Nietzschek esaten duenez “Hiltzen ez nauenak sendotzen nau”. Halaber, higienistek adierazten duten bezala problemak ditugun bakoitzean irtenbidea ez datza mina kentzean, sustraietara joatean baizik , horrek esan nahi izango luke bizimodua aldatzea.Ildo beretik, gure arazoen konponbidea gure baitan aurkitu behar dugu, bestela gaurko ogia izan daiteke baina biharko gose ziurra.

Hala eta guztiz ere, zenbaitetan terapeutengana jotzea premiazkoa da, batik bat erotasun larri baten kasuan. Apika, Van Goh psikiatrarenera joan izan balitz ez zatekeen hilko hain laster eta bere artelanak gaur egun baino garrantzitsuagoak izango ziratekeen. Gheryri buruzko Sydney Pollakek egindako dokumental batean, arkitektoak azaltzen du berak Guggheim egin zuela bere psikiatrari esker. Beraz, gizarte kapitalista honetan dena neurri batean hartzea ezinbestekoa da, aberatsa izanez gero noski.

Utzi iruzkina: