Firefox-en orroa

mendianlarreartean 1456151361991 MeNdiAn LaRrE aRtEaN | 2007-01-11 21:26

Orain bizpahiru urte blog hitza, eta orain, berriz, Firefox da belarrietan eztanda egiten didana. Hasi da oiartzun txapelketa ene belarrietan. Firefox, Firefox eta Firefox. Xoferif, Xoferif eta Xoferif. Ez dakit norentzat izango den txapela. Agian, iPod-arentzat. Edo spam-arentzat.

Egunero ikasten da zerbait. Beti gaude ikaste prozesuan murgilduta. Niri, behintzat, horixe gertatzen zait sareko terminoekin. Nahiz eta badakidan, inkontzienteki bada ere, beste gauza asko ikasten ditudala. Burmuinak egiten ditu bere fitxero propioak.

Aurtengo ikasturtean, teknologiaren zurrunbiloan murgildu naizenetik, gauza asko ikasi ditut. Blog baten aplikazioak ikasi ditut. Flickr-en argazkiak igotzen dakit. You Tuben saltseatzen dakit. Odeo-rekin ahotsa grabatzen dut. Korreora iristen zaizkidan mezu galduak spamak direla jakin dut. Eta Firefox zer den ikasi dut. Ai Firefox, Firefox Firefox...

Orain hilabete entzun dut lehendabizikoz Firefox hitza. Erabiltzen, berriz, orain bi egun hasi naiz. Praktiketan erabili dut lehendabizikoz. Aitortu beharrean nago, hasiera batean behintzat, esku hartu arte, deseroso nenbilela. Ordenagailua erabiltzen hasi nintzenetik, bai etxean, bai unibertsitatean eta baita udal liburutegian ere, Internet Explorer baino ez dut ezagutu.

IExplorerra da nabigatzeko erabiltzen dudan bide-laguna. Orain arte, behintzat, erosoa, azkarra eta erabilgarria iruditu zait. Baina nire hipotesia goitik behera aldatzen duen testingantzak daude. Firefox-en inguruko Joxeren idatzia irakurtzea baino ez dago horretaz konbentzitzeko. Adituen ustez, orain arte arrotza zitzaidan softwarea azkarragoa da, seguruagoa, euskarazkoa eta erabilgarriagoa. Horretaz gain, fitxa sistemak eta CSSak lantzeko aplikazioak ditu.

Dagoeneko konbentzitu naute adierazpenok; baina ez nire nagikeria. Oraindik, zoritxarrez, ez dut alferkeriaren aurkako sendagairik aurkitu. Norbaitek aurkituko balu, mesedez, abisatuko lidake?


Utzi iruzkina: