Baina haizea ez zen galdu

maxuxta-marmelada 1456151354855 maxuxta-marmelada | 2007-10-03 16:08
1

BAINA HAIZEA EZ ZEN GALDU

 

Hosto bat erori zen pago baten adarretik. Galdu zen, orbelaren artean. Erori zen adarra pagotik; galdu zen, bere ahultasunean. Moztu zuten aizkolariek pagoa; galdu zen, suaren garren gosean. Itzali zen sua haize bolada batean; galdu zen, gauaren iluntasunean.

 

Baina haizea ez zen galdu; bere bidea jarraitu zuen, mendi eta basoetatik uluka, otsoa bera nahastuz.

 

Ehizatu zuen otsoak ardia; galdu zen, haren sabelean. Hil zuten otsoa artzainek; galdu zen, makilkada eta ostikaden artean. Ahaztu zen makila larrean; galdu zen, sasi artean. Zimeldu ziren sasiak; galdu ziren, haizeak laztanduriko belar artean.

 

Baina haizea ez zen galdu; bere bidea jarraitu zuen, herrian zehar uluka, ume txikia esnatuz.

 

Hasi zen haurra nigarrez; joan zitzaion ama, lasaitzera. Galdu zen negarra, zotin txikien artean. Entzun zen haur-kanta; galdu zen isiltasuna. Itzuli zen ama lotara; itzali zan kandela, haizearen musuan.

 

Baina haizea ez zen galdu; bere bidea jarraitu zuen, itsasoko olatuak orrazteraino.

 

Galdu ziren olatuak haitzen kontra; galdu ziren haitzak ilargipean; galdu zen ilargia lainoen artean;galdu ziren lainoak izarren artean;  galdu ziren izarrak haizearen kulunkadan.

 

Baina haizea ez zen galdu; bere bidea jarraitu zuen, gauaren iluntasunean.

Sugoi

Sugoi 2007-10-03 19:19 #1

Hasiera potentea eh!! Oso polita, danak holakoak badira ohiko irakurlea daukazu hementxe!!<br />


Utzi iruzkina: