Igor Elortzarentzako galderak

marirenkobazuloa 1456151263947 Mariren kobazuloa | 2013-10-30 14:44
1

Hona hemen Igor Elortzak erantzuteko galderak:

1.   Noiz eta zergatik hasi zinen bertsotan?

2.   Bertsolaria izateko derrigorrezkoa da hizkuntza oso ondo menperatzea?

3.   Zer nolako lanketa egiten duzu txapelketa aurretik?

4.   Erritualen bat badaukazu bertsotan hasi aurretik?

5.   Badaukazu trukorik urduritasuna kontrolatzeko?

6.   Zer sentitzen dozu oholtzara igotzen zarenean?

7.   Txapelketan ezer bururatu ezean, zelan irtengo zinateke egoera horretatik?

8.   Zure bizipenez baliatzen zara bertsotan aritzeko?

9.   Zelan egiten duzue hainbeste gauza batera kontrolatzeko, errima, hitzak, gaia…?

10.                    Zein izan da jarri dizuten gairik arraroena?

11.                    Bertsoetatik badago bizitzerik?

12.                    Beste hizkuntza batean badago bertsolaritzaren antzeko fenomenorik?

13.                      Zelan ikusten duzu bertsolaritzaren etorkizuna?

Eskerrik asko zure laguntzagatik!

2013-11-06 14:50 #1

Aupa koadrila. Ea ba, zuen jakinmina asetu ahal dudan.

1. Ni 12 urtegaz hasi nintzen bertsotan, Durangoko Kurutziaga ikastolan. jon Lopategi izan nuen maisu, beste hainbestek moduan. Handik lasterrera, 15 urtegaz, Bizkaiko Txapelketako finalean sartu nintzen, bertsolari heldu artean. Ordutik, hara eta hona nabil bertsolari eta sortzaile. Bizitza erdia baino gehiago, beraz.

2. Bertsolariak hizkuntza ondo menperatu behar du bai: hitzak doinuaren arabera neurtu eta errimak bilatzeko, gu eten barik gabiltza sinonimoak bilatzen eta berridazketak egiten; eta gauzak modu eraginkorrean esateko esaldiak moldatu behar ditugu, dela umorez dela modu poetiko batean edo erneguz. Nire ustez, gainera, hizkuntzarekiko ardura estetikoa bertsolariaren betebeharra da.

3. Txapelketarako hainbat lanketa egiten dugu. Inportanteena buruz ondo kokatzea da: bertsolari moduan zer momentutan zauden eta zer helburu ipini behar dizkiozun zure buruari, bai sorkuntza bai emaitza aldetik. Gero, lan zehatzagoak daude: errimak lantzea, doinuak bilatzea, ariketak egitea. Eta, azkenik, baita zure burua sortzeko egokieran ipintzeko punturik onena bilatzen saiatzea ere: irakurriz, filmak ikusiz eta abar, eta baita lagunartean huntaz eta hartaz berba eginez ere.

4. Ez daukat erritual berezirik, baina txapelketako saioa dudanean, goizean goiz samar jaikitzea gustatzen zait, lasai ibili, garaiz bazkaldu eta arratsaldez burua bere lekuan edukitzeko.

5. Truko zehatzik ez daukat, baina denboragaz egoerak ezagutzen eta hobeto kudeatzen  ikasten da. Garrantzitsua da tentsioa, hori barik ez dagoelako onena ematerik, eta tentsio hori grina bihurtzea da gakoa, ez dadila beldur bihurtu.

6. Oholtzara igotzean zera pentsatzen saiatzen naiz: "Oraintxe da momentua eta hauxe da lekua"

7. Beno, topikoren bat beti bota daiteke, eta ofizio apur bategaz modu dotore samar batean esaten saiatu.

8. Bai, noski. Beti ere, ingurukoen kontuak edo han irakurri edo hemen ikusi duzuna ere zeure bizipena dela kontuan hartuz. Hori bai, zenbat eta zureago sentitu kantatzen zabiltzana (zeuri gertatua edo ardura dizun gai bati buruzkoa delako), hobeto.

9. Hori ondo samar kontrolatzeko askotan egitea da kontua, ia-ia oharkabean ari zaitezkeen arte. Abildadea ezinbestekoa da, baina landu barik ez da lortzen, eta luze landu behar da. Gero, egunak eta egunak izaten ditugu, eta batzuetan nahikoa lan izaten du onenak ere!

10. Denetik ipini didate eta, auskalo!

11. Gure belaunaldian dezente izan gara bertotan ibiltzeari lehentasuna eman eta asko eman diogunak, baina beti beste zerbaitekin partekatuz, normalean hitzaren arloan: gidoigintza, kazetaritza, bertso-irakasletza... Familia eduki ahala, orduan eta gehiago. Bertsotatik bakarrik bizitzea pare batek edo egin dezakete, eta lanpostu moduan kontsideratuz gero, ziurtasunik barik eta prekario samar: autonomoak izanda, lan bakoitzeko kobratuz, desordutan lan eginez eta desplazatuz, hiru hilabete barru zenbat lan izango duzun jakin barik...

12. Bai. Ahozkotasuna eta ahozko inprobisazio kantatua mundu osoan egon da, eta gaur arte iraun du, nagusiki, idatzizko kultura mugatuen eduki duten kulturetan (dela gizarte txiroak zirelako dela legez ukatutako hizkuntzak izan direlako). Gaur egun, latinoamerikako repentismoa fenomeno indartsua da: Kuba, Argentina, Uruguai... Europan ere badira: Sardinia, Menorka, Andaluziako Alpujarrak... Afrikan eta Asian ere bai.

13. Ondo ikusten dut. Bertsolari gazte asko eta oso onak daude, eta zaletasuna ere bai. Hezkuntzan egiten dugun lanaren fruitua da hori guztia, eta gerora ere hor egongo da gakoa, bere goraldi eta beheraldiekin, ze lan horri esker ateratzen dira bertsolariak Hernanin bezela Algortan, Sakanan edo Gasteizen, eta hori horrela bada deneriko bertsolariak egongo dira eta garatuko da bertsogintza.

Eskerrik asko denoi, eta segi fin, euskara ikasleok zarete-eta euskarari ekarpenik handiena egiten diozuenak. Zuetako batzuk bertsozaletzen bazarete, gainera, itzel! Eta ez ahaztu etxetik euskararik ez zekarten bertsolari on askoak badirela: Jon Maia, Paiatarrak...

Utzi iruzkina: