Nortzuk gara

marimendi 1456151260067 marimendi | 2006-06-29 14:50



Euskal Herriko hogei emakumek Mendebaldeko Europako mendirik garaiena igo nahi dute. Gizonezkoek hain ohikoa duten goi-mendia, emakumeen eskura jarri gura dugu ekintza honen bidez, aisian ere aukera berberak behar-nahi ditugula erakusteko.

Emakumeok, emakume gara, hots lanbidez eta bizimoduz hiritar arruntak. Berrogei urteak gaindituak ditugu. Euskal Herrikoak: herri desberdinetakoak eta mendi-talde desberdinetakoak. Gehienok ez dugu harreman sakonik izan goi-mendiarekin, oro har gizarteak guretzat bestelako aisia-ereduak pentsatuak izan dituelako tradizionalki.

Ekintzak bilatu nahi du bere oihartzuna nola esparru txikian hala handian: etxean erakutsi nahi du emakumearen aisia etxekoen aisia arrunta dela; eta gizartean —medioetan— erakutsi nahi du borondatea dagoenean eta berdintasunean sinesten denean, ekintza justuagoak antola litezkeela denen atsegin eta pozerako.

Emakume taldeek lau abiapuntu desberdin hartuko dituzte Mont Blanc mendira abiatzeko: bi talde iparraldetik abiatuko dira eta beste bi hegoaldetik. Iparraldetik bi bia desberdin (Aiguille de Gouter eta Aiguille de Midi) erabiliko dira. Hegoaldetik berdin (Aiguille de Bionnassay eta Aiguilles Grises).

Ekintzak aurreikusten duen kronograma da: uztailaren erdialdean abiatzea Alpeetara, astebetez aklimatatzea 4000koetara Saas Feee ibarrean eta uztailaren 20-23 bitartean tontorra zapaltzen ahalegintzea. Asmoa da soka-talde denek egun berean heltzea gora.

Mendia lagun, denen arteko erantzukizuna bultzatu dezakegu, bereizketa guztiekin amaitzeko, gizarte osoan genero berdintasuneko kultura benetan gara dadin.


Utzi iruzkina: