Hankaz gora
Hezkuntza hankaz gora dago. Gaur lanean frogatu ahal izan dut. Hezitzailea naiz, baina ez ikastetxe batean. Kontsumo-hezkuntzan dihardut, formakuntza-teknikari gisa hain zuzen ere. Gure lanean hainbat gai jorratzen ditugu tailer batzuen bitartez. Tailer batek ordu eta erdiko iraupena izaten du gehienez eta, zenbait jarduera anitz bitartez, kontsumoari buruzko gogoeta egin dezatelako asmoz pentsarazi eta elkarlanean lan eragiten diegu gurera datozenei.
Kontsumo eskolara etortzen den publikoa anitza da : 15 urtetik gorako edozein pertsona etor liteke formakuntza jasotzera. Beraz, nerabeak, ikasleak, langabetuak, adineko jendea…etor liteke kontsumo eskolara.
Gaur etorri zaizkigunak nerabeak ziren. DBH-ko 3.kurtsokoak, 15 urte zituzten. Normalean nerabeak hiztunak, bihurriak, lotsagabeak izaten dira. Baina baita kuriosoak, azkarrak, ikasteko gogoekin, gauza berriei irekiak ere. Talde oso bat etorri da, ia 30 ikasle, 30 nerabe. Bi tailer egin dituzte: erdiak Interneti buruzko tailerra nirekin eta beste erdiak Elikadurari buruzko tailerra lankide batekin. Nire lankideak eskarmentu handia dauka, izan ere, sei urte beteko ditu lan honetan eta berarengandik asko ikasi dut. Ba bera izan da gaurkoa gehiegizkoa izan dela esan didana. Lehertzeko zorian zegoela bukatu du tailerra, jaramonik egiten ez zioten nerabe batzuk adarra etengabe jotzen ari zirelako. Haiekin etorri den helduak, arduradunak, irakaslea baino gehiago zaintzailea zirudien. “Ixilik egon hadi, bestela kanporatuko haut”, “Ea, atera itzazue sakelakoak, mahai gainean jarri eta jo duena eramango dut”, “Ez nitaz barre egin, txo, bihar kontatuko diek eta hire gurasoei zer gertatu den hemen”. Horrela aritu behar izateak edonor suntsitzen du. Errespetua galdu dute. Irakaslearekiko errespeturik ez dute; funtzio horren garrantzia ahaztu edo baztertu dugu. Ez dakit, ordea, nahi gabe ala nahita.
Edozein irakasle-eskolan ikasle berri bati irakaslea izateko ikasketak zergatik aukeratu dituen galdetuko bagenio, hutsaren hurrengoa izango genuke erantzun. “Ez dakit”, “nota baxuena zuelako”, “zer egin ez nekielako”... eta abar. Baten batek, jakina, irakaslea izan nahi duelako erantzungo liguke. Pertsona horrek formakuntza jakin bat jasoko du, hainbat teknika eta ezagutza garatuko ditu, baina ikasitako guztia goitik behera eroriko zaio bere ikasleekin ezin duela ezta hitz egin ere konturatu orduko. Bere asmorik onenekin prestatuko zuen gaia, ezohiko aktibitateak eskainiko zizkien, lortzea ia ezinezkoa zen bideoa aurkituko zuen... dena alferrik. Ikasleek PSP-a dute buruan, telebistan ikusitako dantza-reality hori besterik ez dute buruan. Ikasleren batek kasu egingo zion, baina aldameneko gominaz ziurtatutako ilea duen mutilak oztopatuko zuen, borragoma eske ari zaiola. Egoera horren aurrean lehen lan-eguna dela dio irakasle berriak. Bihar lasaiago izango direlakoan. Baina gerraren bataila nagusienetako bat galdu du dagoeneko. Lehen egunetik arauak betearazi behar dira. Lehen momentutik haien eta irakaslearen artean dagoen tartea seinalatu beharra dago. Bata besteen gainean izango da, haiek irakasteko, ez menderatzeko, ez ikuspuntuak edota arauak inposatzeko. Gizaki orok mugak behar ditugu. Norbaitek kontrolatu behar gaitu. Pertsona horri esker ikasten dugu. Lehen momentuan zapalduak senti gintezke baina denboraren poderioz oreka eta ordena jakin batzuk beharrezkoak direla ohartuko ginateke.
Gaur gurera etorri direnek ez dute, ikastetxean behintzat, mugak jarriko dizkienik. Eta hauek bezala, askok eta askok, tamalez. Betidanik irakasleak autoritatea izan du. Orain, berriz, ikasleek inpunitatea dute. Horrexegatik hankaz gora.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: