Gabonak

mariano 1456151252371 Egunerokoak | 2007-11-27 20:29

Arrastsalde on.

Beharbada gaia topikoa izango da ,baina puri-purian darabilgun gaia denez, jorratu egin behar. Gabonetaz ari naiz.

Gabonak (norentzako gau onak, galdetuko nioke kontzeptuaren asmatzaileari, bide batez) zoriontasun garaia izaten dira. Denok duela asko ikusten ez genituenak berriro ikusteko, elkarrekin izateko, elkarrekin ospatzeko...Zergatik baina?

Oso hipokritak gara, zinez. Jende askok elizari buruz gaizki hitz egiten duen bitartean, erosketak egiten darrai. Kalean uso, etxean otso norbaitek esango zukeen bezala.

“Aditu al dek Rouco Varelak bota duena? Tipo nazkagarria, benetan, ez zekiat nola jarraitzen duen estatu espainolaren Elizaren buru, isilik balego, hobe. Aizak, ikusi al dek zer nolako sakelakoa dagoen salgai erakusleiho horretan, Aitzolentzat bikaina, hi!!!”

Zergatik sartu dut eliza tarte honetan? Bada, Elizak berak gure kulturaren oinarria jarri duelako, ez dago zalantzarik, bai Euskal Herrian, baita Europa osoan ere. Dena dela, bi mila urte baino gehiagoko erakundea da, eta horrek meritu asko du. Denbora tarte horretan hamaika gauza ezberdin garatu ahal izan du. Kulturaren jabea izan zen aspaldi, estatuek botere gehiago hartu zuten arte eta jakinduria eta ezagutza zabaldu ahal izan zuten arte. Aipatu momentu horretatik hona, denok alfabetatuak izan gara, denok badakigu irakurtzen, baita idazten ere. Ez da samurra, ez jauna, baina horrek ez du esan nahi Elizaren itzala guztiz desagertu zenik. Hain antiklerikalak garen garai honetan, Elizak Estatutik urtero milaka milioi jasotzen jarraitzen du. Denok hala baimenduta. Eta ez bota biraorik, halakorik galdetzen digutenean hasieran sutan jartzen gara, baina gero betiko martxara itzultzen gara eta esandakoarekin ahazten gara ziztu bizian (ez dakit nahita ala nahitaez).

Elizaren aurrean koherenteki azalduko bagina, gurekin ados ez dagoena errespetatuz, entzun beharko ligukete. Uste dut ez dugula ezer lortzen behar bezala ez garelako antolatzen. Eta burua berotzen digutelako, noski. Koherenteki azaltzea zer den niri galdetuz gero (badakit oso erraza dela ideiak botatzea irtenbiderik eman gabe) bozkatzerakoan ondo pentsatzea dela esango nizueke. Badakit horrek egun ditugun aukerak murrizten dituela, baina hautatu egin behar da. Estatuari egonkortasuna ematen dien alderdiei ez bozkatzea gomendatuko nizueke, apal-apal (aske zarete eta nahi duzuena egin ahal izateko).

Eta Elizaren aurkako hitzaldi hau zeren harira dator, ba? Bada, Elizari buruz aritu naiz bera izan zelako Gabonak ospatzera behartu gintuena, bera izan da ohitura bihurtu dituena, eta guk irentsi egin dugu kontu hori guztia. Gure bizitzaren zati garrantzitsu bihurtu ditugu. Kultura eta denon bizimodua baldintzatu izan duen erakunde bat delako. Oso berekoia izan den erakundea delako, dena kontrolpean eduki nahi izan duen erakundea delako.

Bere eredu soziala inposatu digu, ohartzen bazarete kutsu erlijiosoa dituen hainbat jai egiten dugu, ez Gabonak bakarrik.

Baina Gabonekin hasi naiz hitzaldia, eta Gabonekin bukatu behar. Koherenteki jokatu beharra dago ere jai erlijioso honek ezartzen dituen hainbat ohiturarekin. Opariak egitearena ez da oso egokia, gehiegizko kontsumoa bultzatzen dugulako, Behar duguna baino ez genuke erosi beharko. Salneurria biderkatuta dituen elikagaiak ez dugu zertan erosi. Katolikoa bazara, otoitz egin eta zure pentsaera garatu, baina ez joan eliza berria bihurtu diren merkatalgune handietara haien esanetara otoitz egitera, horiek ez dute Jesukristoren birjaiotza edo dena delakoa ospatzen eta.


Utzi iruzkina: