Egunerokoa

mariano 1456151252371 Egunerokoak | 2008-01-31 23:38

Zer idatzi zure bizitza aspergarria dela konturatu zarenean? Bada, horixe, aspergarria zarela zu ere. Guk geuk gure bidea egin beharra daukagu, guk geuk gure bizitzaren nondik-norakoak diseinatzen ditugu, nolabait esateko.

Ohikoa zaiguna aldatzeko gai ez bagara jai daukagu, akabo. Ez badugu burua altxatzeko gaitasunik ez dugu bizitzan sekula santan ezer lortuko. Ez profesional mailan, ez pertsona mailan. Beti geldirik egongo gara.

Zergatik horren ezkor? Hasieran azaldu dudana niri gertatzen ari zaidalako. Eta ez niri bakarrik, ziur aski. Altxatzen naizenean lanera joan behar, noski. Horrek denok berdintzen gaitu. Dutxa bat hartzen dut eta gero gosaria. Arrapaladan kalera, denbora ihesean dabilkidala. Betiko jendearekin topatu, betiko bidea egin eta gero, erlojuari begiradatxo bat ematen diot eta ondo noala baieztatzen dut. Zer poza, langile zintzoa naiz, sekula berandu ailegatzen ez den horietakoa. Bulegora igo, ordenagailua piztu eta ni baino beranduago edo goizago ailegatu diren lankideak agurtu.

Hortik aurrera, panorama zeozer aldatzen da, lankideekin egundoko giroa baitago. Ia beti txantxetan eta beti prest lana behar den bezala aurrera ateratzeko. Momentuz oso aberasgarria izaten ari zait lan-giro hau, ez daukat kexatzerik. Nik haiengandik ez dut, bederen, kexarik. Ez dakit aldrebes horrela izango den. Berdin dit, momentuz bide onean noala iruditzen zait. Ez dut kontrakoa pentsatzeko arrazoirik.

Ordu bata eta erdiak heltzen direnerako, dagoeneko joan gara. Etxerako bidean gaude. Baina ordu eta erdi geroago berriro bueltan izan behar. Denbora benetan eskasa, aukeran. Etxean, nahiz eta bazkari ezberdinak izan, egunero errepikatzen den gidoia antzezten dut: bakarrik bazkaltzearena. Bakardadearen laguntzarekin amak eta aitak prestatutako janariak jaten ditut, harik eta bi eta erdietan ama edo aita ailegatzen den arte. Orduan norbait ikusteko aukera izaten dut. Ala ez, hortzak garbitu beharra dagoelako eta berriro jantzi ere. Agurtzeko nahikoa denbora dudala esango didazue, baina ez pentsa, ordu bi eta erdietatik hirurak hogei gutxi arte hamar minutu besterik ez dira. Haiek arropa aldatzen dute eta nik hortzarekikoa egiten dut. Bakoitza, noski, gela ezberdin batean. Etxetik alde egiten dudanean agurtzen ditut arratsera arte, agur soil batez, bazkaltzen ari den inor ez molestatzearen norma urratu nahi gabe.

Berriro lanerako bidea. Goizean egin dudan bide berea. Alde zaharra zeharkatu beharra daukat. Eskailera mekanikoak nekezaren arabera erabili. Betiko jendearekin topatu, eta bost minutu falta direlarik: zer poza, langile zintzoa naiz, sekula berandu ailegatzen ez den horietakoa.

Hiruretan bakarrik egoten naiz, baina ordu erdi bakarrik. Nahi dudan eran joka nezake ordu erdi horretan, baina normalean, ezkutuko kameraren baten beldur, betebeharraren bat burutzen dut. Nire lankidea ailegatzen denerako, lanean harrapatzen nau normalean. Ez dakit hori ona ala txarra den, zer esango dutelakoan. Hortik sei eta erdiak arte lanean dihardut, giro onean, lehen esan bezala. Lanetik alde egiten dudanean betiko zalantza: egunkaria erosi ala pote bat hartu. Zalantza existentziala, ikus dezakezuen moduan. Egunkaria erosiz gero, etxean irakurtzen dut. Erosi ezean, tabernan. Okerrena etxerako bidean gertatzen da: buruari eragiten diot ez dakit zenbat buelta. “Berriro etxera, betiko ikuskizuna: aita eta ama sukaldean, elkarrekin hitz egin gabe, irratiak zer dioen entzunez. Berriro afariaz galdetuko zidatek eta neuk berdin zaidala erantzungo zieat. Bakarrik bizi banintz, ez litzatekek arazorik izango. Dena nere esku, dena nik erabaki behar. Ostia, ia eskailera mekanika puta hauekin irristatzen diat”. Eta berriro suspertzen naiz. Montehermoson nagoela ez dut oraindik egunkariarena erabaki. Gora tabernaren alboan igarotzen naizelarik norbait ezaguna tabernaren barruan ikuskatzen dut. Lotsatuta (zergatik, ordea?) bideari ekiten diot. Beste egun batean hartuko dut kafe goxo bat. Etxeko atarian nagoela, etxeko argiak piztuta ikusi ditut. Hor izango dira aita eta ama. Elkarren parean eserita, elkarri ezer esan gabe. Zer afalduko pentsatzen. Giltza sartu dut dagoeneko. Bueltatzen dut eta haragi egosiaren usainak sudurra bete-betean jo nau. Zazpi eta erdiak dira. Hiru ordu eta ohean izango naiz lagun onenarekin: edozein libururekin. Gaurko egunari bihar arte esaten diodala orriak pasatzeari ekiten diot, biharko eguna ezberdina izango delakoan. Agian.


Utzi iruzkina: