Zein izan zen, ba, Lutz Long?

No profile photo Lutz Long jauzilariaren toalla | 2007-03-30 11:43
1

Beti gustatu izan zait Lutz Long atletaren istorioa: kiroltasuna, giza legea, eta ausardia.

1936ko Berlingo Joko Olinpikoetan parte hartu zuen jauzilari alemaniar bat zen Lutz Long: altua, ile-horia, begi-urdina... Hitlerren arraza arioaren prototipoa, alegia.

Luzera jauzian irabazteko aukerak zituen, baina parean egokitu zitzaion Jesse Owens handia. Amerikarrak sekulako irain arrazistak jaso zituen egun haietan Hitlerren propagandaren eskutik. Nazientzat Lutz Long zen “esperantza zuria”, beltz hura garaile ez izateko.

Hitlerrek, ordea, behin baino gehiagotan haserre irten behar izan zuen estadiotik, urrezko lau domina lortu baitzituen amerikarrak: 100 m, 200 m, 4 x 100 m, eta luzera jauzia.

Zein izan zen, ba, Lutz Longen istorioa?

Sailkapen saioan, Owensek ez zuen lehenengo bi saltoetan gutxieneko marka lortzerik izan (7,15 m), jauzi-oholera behar bezala iristeko arazoak zituen-eta. Hirugarrenean huts eginez gero, lehiaketatik kanporatu egingo zuten. Haserre eta burumakur omen zebilen estadioan hara eta hona. Orduantxe, hara non hurbiltzen zaion Lutz Long, bere arerio handiena. Aholku bat eman zion: konturatu zenez, zentimetro batzuk atzerago lasterka hasiz gero oholera ondo iritsiko zela esan zion; batzuk diote bere toalla lurrean jarri zuela, amerikarrari korrika nondik hasi behar zuen adierazteko. Kontua da hirugarren saltoan Owensek ez zuela hutsik egin. Finalean, Lutz Long bigarren geratu zen, amerikarrak eraman baitzuen urrea. Hala ere, Lutz bera izan omen zen Owens besarkatzera joaten lehena.

Oso lagun egin ziren, eta inolako arazorik gabe agerian erakusten zuten beren adiskidetasuna (beheko argazkia lekuko). Ario peto-petoa eta amerikar beltza adiskide, 1936ko Alemania naziaren muinean.

Lutz Long 1943an hil zen, Alemaniako armadan zela Errusiako frontean.

Gerora Owens berak esan zuen: “ausardia handia behar izan zuen nire adiskide agertzeko Hitlerren aurrean... Irabazi ditudan urrezko domina eta kopa guztiak urtuta, ez lukete egingo Lutz Longek garai hartan erakutsi zidan hogeita lau kilateko adiskidetasunaren azala ere”.

(Lutz Long eta Jesse Owens, Berlingo estadioan, 1936)

(Naoto Tajima, Jesse Owens eta Lutz Long, podiumean)

piban

piban 2007-04-13 10:55 #1

Beste tipo alemaniar bat ekintza izugarri bat gauzatu zuena momentu harrigarri batean eta euskaldunen artean oso ezaguna dena. Jeans Voight CSC txirrindularitza taldekoa.

Iaz giroko etapa batean Juanma Garate euskaldunarekin helmugarako metro batzuk geratzen zirenean, etapako garaipena oparitzen ziola esan zion. Denok ezagutzen genuen alemaniarra eta inork gutxi espero zuen hori egitea, dena alde baitzuen garaipena lortzeko, eta are gehiago, urte hortan oraindik ez zuen garaipenik.

Guztiok geratu ginen harrituta eskua eman zionean euskaldunari.

Utzi iruzkina: