Reala, arbitroak, biolentzia eta kazetariak (Eizmendiri gorazarrea)
Anoetako azken partiduak sortutako hautsa eta samina nolabait baretzen utzi dut pixka batean. Egun batzuetako tartea eskaini nahi izan diot neure barrenari, horrenbesterainoko ezin eramana sortu baitzigun realzaleoi Bernabé García jaunak emandako ikuskizunak (Reala 1 – Zaragoza 1).
Inor izango da, Realaren gorabehera xelebreak pairatzen ditugunon artetik, arbitroen jarduna besterik gabe haien kalitate eskasarekin azaltzen duena, edo azaltzen saiatzen dena. Ez nago, ba, ni horien artean, ez horixe. Baina tira, gurutze hori (erosi eta saldutako partiduena bezalaxe) bizkarrean eraman beharrekoa dugu, eta ez naiz horri buruz arituko oraingoan.
Kontua da arbitro jaun honek iaz “epaitutako” beste partidu baten ondoren (Reala 1 – Racing Ferrol 2), artean isildu ez zenean zaleen amorruzko hortz karraska, honakoa esan zuela garai hartan Realeko entrenatzaile zen Joserra Eizmendik: “gogoeta egin beharko genuke biolentzia zer den eta biolentzia nola sortzen den hausnartzeko”. Hitz biribilak eta eromen une horietan guztiz ebidenteak iruditu zitzaizkidan hitz horiek.
Alabaina, ia-ia burlazko hitzekin erantzun zioten kazetari askok eta askok. Aztertzekoa litzateke kazetariek Eizmendiri emaniko tratu penagarria. Prentsaurrekoetan hitz urri eta lehorrekoa izaki, ez zen kazetarien gustukoa (entrenatzaileen lana kazetarien zeregina erraztea eta titular politak ematea balitz bezala), eta etengabe jasan behar izan zituen hauen erdi-isekak. Noski, biolentziari buruzko hitz horiek ere txatxu baten artaburukeriatzat hartu zituzten, zer esan zuen guztiz hausnartu gabe.
Alabaina, orain, arbitroen ngarren espektakuluaren ondoren, idazle klasiko baten zita modura aipatzen dute Joserraren esaldi hura, kazetarien ngarren haize aldaketaren lekuko.
Eizmendik isilik jaso zituen bere garaian kritikak, eta isilik jaso ditu, oraingoan ere, nolabait arrazoia ematen dioten aitormen huts eta apartsuak. Bihoakio hemendik nire elkartasunezko bizkarreko goxoena Realak aspaldian izan duen entrenatzaile zentzudunenari.
Iruzkinak
patxi lurra 2009-02-13 10:21 #1

Indarkeria, horixe baietz. Holako momentuetan, bero-beroan, neuri behintzat instintorik okerrenak ateratzen jataz. Tamanaiko injustiziek, zigor barik geldituko dirala ondo jakinda, indarkeria eragiten dabe, zalantza barik. Eta eskerrak emon behar ditu ustezko arbitro horrek Donostian egoala eta ez Sevillan, Cadizen... edo Buenos Airesen edo Istanbulen. Ziur aski non egoan ondo ekielako egin eban egindakoa, harrokeria zikin horregaz.

Ez da pairatzen dogun lelengoa, baina bai larriena. Igaz be Eizmendik eta Lillok holako batzuk jasan behar zituzten, zeuk gogorarazten dozun legez, eta eurekin batera jokalariek eurek noski eta guk geuk be.

Forofogoitia izan barik (neu forofogoitia nazen arren) lasai esan dezakegu, Lillok esan legez, kendutako puntuekin goi-goian egongo ginala, edo igaztik Lehen Mailan inkluso.

Lutz Long 2009-02-13 11:54 #2

Bai horixe, Patxi.

Zaila da, zinez, haserrea irentsi eta gori-gori duzun barrenean itzali beharra. Eizmendi bikain aritu zela iruditu zitzaidan, hitz jario zororik gabe bete-betean asmatu zuelako. Baina kazetariak, ai kazetariak...

patxi lurra 2009-02-22 16:38 #3

Badakizue ez garela geu bakarrak izan zaragozarrek lapurtuta izan garenok? Athletiken andrazkoen taldekideek be Zaragozan jokatu eta etxera itzuli behar izan ziran hainbat kartera, diru eta objektu pertsonal barik, nonor aldageletan sartu eta eurei lapurtu ondoren. Beste maila batean, baina...

Halandabe, neuri kontu hau, epailea erostearena eta aurkariak modu irregularrean kanporatzearena beste pertsona bat ekartzen deusta burura, hurrengo hauteskundeetan bestela aukera handirik edukiko ez eban lehendakarigai gris hori, alegia.

Utzi iruzkina: