Mari Domingi, sra. de Olentzero

No profile photo Lutz Long jauzilariaren toalla | 2008-01-03 12:59
2

Sexuen arteko berdintasuna bilatzen duten ekimen batzuk hain justu kontrakoa lortzen dute. Hori dio, behintzat, gure kuadrillako ideologo teorikoak. Gabonetan opariak banatzen ibiltzen den Mari Domingiren azken urteotako asmakizuna jarri du adibide. Bere ustez, emakumeen figura prestigiatzeko sortu den pertsonaia hori, praktikan, Olentzeroren laguntzaile huts gisa ageri da, hau da, emakumearen bigarren mailako papera finkatzen du: Olentzero da garrantzitsua, eta Mari Domingi alboan du besterik gabe, edo Olentzero ezin joan den lekuetan agertzen da. Azken batean, 24ko gauean beti Olentzero etortzen baita etxeetara, ez besterik. Mari Domingi, sra. de Olentzero.

 

Eta horixe gertatzen omen da pertsonaia maskulino baten eragina orekatzeko intentzioz asmatu diren pertsonaia femenino sekundario guztiekin. Emakumea sustatzeko, emakumeak berak izan behar du protagonismoa.

 

Horren aurrean, gure kuadrillako deabruaren abokatuak defendatzen du ea zergatik diren beti emakumezkoak pertsonaia maskulino nagusi horien lagun bezala sortzen diren bigarren mailako pertsonaia horiek. Ea benetako berdintasuna sustatzea ote den gizonezko pertsonaia bati asmatzen zaion laguna beti emakumezkoa izatea.

Eta ea zergatik doan Mari Domingi Olentzero baino 3-4 mende lehenagoko arropekin jantzita.

 

Beste baterako utziko dugu gure kuadrillako filologo amateurrak sutsuki defendatzen duena: kantan ageri den Mari Domingi hori benetan gizonezkoa dela, Hor konpon, Mari Anton esapidean dagoena ere gizonezkoa omen den bezala. (??)

 

Orain ulertuko duzue zergatik diren gure kuadrillako poteoak horren latzak.

 

oier

oier 2008-01-04 08:58 #1

Bai, nik ere zalantza handiak ditut Mari Domingiren "ekarpenaren" inguruan. Iaz idatzi nuen <a href="http://www.dantzan.com/blogak/oier/nor-zara-zu-zer-egin-duzu-olentzerorekin">artikulu bat Olentzerori buruz</a>, eta zeharka bada ere Mari Domingi-ren figurari buruzko kezka nuen artikulua idazterakoan. "Berdintasunak
-elebitasunak bezala- bikoiztea esan nahi omen du." idatzi nuen bertan, eta nik ez diot zentzu handirik ikusten bikoizteari. Eta berdintasunaren alde mesede gutxi egiten duelakoan nago.<br>

Lutz Long

Lutz Long 2008-01-04 12:11 #2

Bat nator zurekin Oier. Bikoizte hori, gainera, ez delako parez pare egiten, desberdintasunean oinarrituta baizik. Inkoherentzia bikoitza.


Utzi iruzkina: