Gora arrauna !!!
Hasi berri da arraun denboraldia. Arrauna, kirol eder eta ikusgarria! Txiki-txikitako oroitzapen kuttunen artean daukat Kontxako estropada egunetako ikuskizuna: goizean goizetiko kaleetako zalaparta, kolorez jantzitako zaleak, arraunlari eta traineruak nahaspilan Kai Arriban, irabazteko grina, galtzeko beldurra, eupadak, elkarri ziria sartzeko gogoa, Portaletako apustuak, etxafuegoak, oriotarren sirena, Herri Irratiko trikiti melodia...
Arraunak, alderdi ludikoaz aparte, faktore emozional sendoak pizten ditu herritarrengan. Horretaz gainera, gaur egun, telebistari esker, ikuskizunaz gozatzeko baliabide pribilegiatua dugu, seguruenik kirol hau izango baita, txirrindularitzarekin batera, telebistak gehien hobetzen duena.
Alabaina, kirol hau bizirik mantentzen duen alderik funtsezkoena neguko hilabete ilun eta ezezagunetan egiten den lan isil eta eskergaitza da: arraunlarien eguneroko saio latzak, izerdia, esku eta ipurdiko kalloak, entrenatzaileen dedikazioa, direktiboen buruhausteak. Abenduko arrats ilun, umel eta izoztu batean, trainerua uretaratu eta jo eta su arraunean aritzea guztiz miresgarria da gorputza sufriarazteari ihes egiten diogunontzat. Eta are gehiago, ia dena musu truk egiten denean, zaletasun hutsagatik.
PD: Kontxako estropadaren eta Donostiaren inguruan esaten diren gauza batzuez hitz egiteko gogoa dut, baina hobe irailerako uztea.
PD2: Bi ligak nondik nora doazen jakiteko, hemen dauzkazue TKE ligaren eta KAE ligaren web guneak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: