Donostian hilketak eta bortxaketak ospatzen
Inork pentsa al lezake, Gernikan txaranga edo otxoteak ibil litezkeela kaleetan zehar apirilaren 26an, 1936ko bonbardaketa "ospatzeko"? Edo are okerrago, garaiko tropa batzuen desfile antzeztua, musika martzialaren doinuz girotuta?
Ba, antzeko hilketak danborrada alaiz ospatzen dabiltza Donostian azken urteotan, inauterietarako egindako doinuez. Eta danborrada gutxi balitz, hona hemen bestelako burugabekeria guztiak.
1813ko abuztuaren 31n tropa ingeles-portuges-espainolak hirian sartu ziren, harresian Bretxa ireki ondoren, eta parean topatu zuten dena lapurtu, erre, hil eta bortxatu zuten. Egun hartan gertatutakoa irakurri nahi duenarentzat, argitaratuta daude ondorengo egunetan egin ziren ikerketen aktak. Ez ziren ordu gozoak izan donostiarrentzat. Adibide xume bat: emakume gazte bat hainbat aldiz bortxatu eta gero, horri gutxi iritzita-edo, bortxaketak sufritu zituen hankartean bertan baioneta sartuz hil zuten.
Guztiz egokia iruditzen zait bandera zurietan krespoi beltzak jarri eta, argiak itzalita, kandelak balkoietan piztuz egin izan den oroimen ekitaldia. Azken urteotan ugaldu diren bestelako "ikuskizunak", ordea, donostiarren memoria historikoari txistua botatzeaz aparte, fribolotasun nazkagarrikoak iruditzen zaizkit. "Fiestas de 31 de agosto" izena jartzera ere ausartzen da kirtenen bat.
Pentsa, emakume haren ondorengo bat egongo da, agian, danborra gerrian eta garagardoa eskuan, edo tortilla lehiaketan, une gogoangarri hura festaz "omentzeko".
Iruzkinak
Josu 2007-08-24 05:38 #1
Eta nondik datoz Emakume Langilearen Eguna, "Día del Orgullo", etb.? Ba hori.<br />
Lutz Long 2007-08-24 09:57 #2
<p>Emakumeen edo homosexualen eskubideak aldarrikatzeko egun horiek, eskubide horien defentsan zutarri izan ziren gertakizun batzuk gogoratzen dituzte. Gertakizun horiek, lazgarriak izan badaitezke ere, badute bere alderdi 'positiboa', pozik eta harro egotekoa.</p>
<p>Hiri bat sarraskitu eta suntsitzean ez dago ezer ospatzeko, harro egoteko. Abuztuaren 31 ez zen izan ezeren zutarri, gizakiaren alde nazkagarrienarena ez bada.</p>
Josu 2007-09-24 13:13 #3
Bapo, hi.<br />
Utzi iruzkina: