Atxagaren _Lekuak_ aitzakiatan III: Pirqé
Pirqék paragrafoa esan gura du. Oso garrantzia handikoa dira Bibliako filologiarako; famatuenetakoak Elizer Rabiak idatzitakoak dira. Nago "paragrafo" berbak ere ez ote duen gauza bera esan gura izango, hau da, grafoaren alboan idatzitako glosak, azalpenak edo marginalia hori, orrialdeetako alboetara egon ohi zirenak. Niri beti iruditu zait oin oharretan idazten nituenak interesgarriagoak zirela testuaren gorputzean bertan emandakoak baino. Michel Montaigneren prosa adibidez (Jon Casenavek azaldu zidan behin) digresiotik digresiora doa, eta badakizue Montaigne oso izan zela inportantea Frantziako prosa jaiotzeko prestatzen zihoanean, ez bakarrik Breizera ideologiaren aitzakiatan debekatu egin zuelako (ez baitzuen ulertzen), baizik eta euskal prosari argi berdea eman ziolako (kontuan hartuta gure lehen idazle sistematikoa Materre izan zela, eta frantses euskaldunberri eta frantzizkotarra izanik, ez baitzegoen harengandik beldurrik izaterik, hala azaldu zuen Oyharzabalek Lapurdum-en argitaratutako artikulu garrantzitsu batean.
Baina, nioen, Montaigne digresioaren maisua da, eta hori jartzen du eredu, Frantziako parlamentuak zentralizatzen hasten direnean, prosa sortu eta kontrolatzeko mekanismo bihurtzen, eta Jesuiten eredu espainolari (demostratio ad oculos, gogoratu jesuitak espainiar inperiozaleak zirela Europan, hala erakusten dute garaiko liburuetako izenburu orrialdeko erretauletan) abokatuen estilo silogistiko eta jakintsua jazartzen zaionekoa.
Niri ere egiten zait ezin dudala aurrera egin, hau da prorsus, beti nabilela versus, eta hortaz nire oin oharrak interesgarriagoak direla nire sintagmatika baino. Horren arrazoia izan daiteke Ong Georgetowneko jesuitak eta Ramusen dialogoetan adituak bere Literacy and Orality liburuan azaltzen duenez, ahozkotasunaren ezaugarria agregazioa delako, metatzea, koordinazioa, eta ez menturaz, subordinazioa, eta nik ez dudalako ahozkotasunaren estadioa gainditu; edo izan daiteke sintaxia ikertzen dutenak mirror language darabildalako (badakizue Euskalerriak eduki lezakeela dislexikoen kopururik handiena, agian Chomskyren zuhaitza iluntzetara eduki genezakeelako).
Edozein kasutan, oso marginalia inportanteak dira euskal liburugintzarako, adbidez Urkixok Vinsonen Essai d'une Bibliographie Basque-ri egindakoak.
Pirqéak edo paragrafoak zabalago ziren, eskrituretako irakurketa egiten zenean, hitzari argia egiteko azalpenak. Beraz, hemen izan dezakegu lehen literatur kritika, hori horrela bada, esan dezakegu Jokin Lizarraga bere Kredoaren azalpenarekin izan zela euskal lehen literatur kritikaria, apur bat Fray Luis de León bere De los nombres de Cristo-n bi mende lehenago egin zuen bezala; nahiz eta Fray Luisen kasua interesgarriago den Kabalatik erakusten duen hurbiltasunagatik. Ez nabil ezer asmatzen, Bloomek badu Kabala eta literatur kritika lotzeko liburuxka bat, kasuan niri interesgarriago zaidan arren kabalak eta topi haiek duten lokarria, segurutik San Inazioren Ejerzizioekin pareka daitekeena.
Jarrera da hitzak bere errealitatea ezagunezina ezarriko balu bezala eta, Atxagak aipatu Nietzscheren ideietatik aterata, pirqé edo azalpenak baino ez baleude bezala, azkenean, Uqbar edo Hirugarren Munduan edo Peruchorenean bizitzeko arrisku postmodernoaz.
Honek guztiak paragrafoaren bi konotazio erakutsi dizkigu: digresioa eta azalpena, ezintasunetik aterata: aurrera ezin egin edo ulertu ezinari adabakia. Nik nahiago dut nire honetarako lehena. Hau da, nik ez dut azalpenik sortuko, edo hitzari argirik eskainiko, baina bai, seguruenez, Lekuak ezarri egituraren parasito, neure burua argitzen joan, hortxe ditudan loci edo toki horiek azaltzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: