Atxagaren _Lekuak_ aitzakiatan II
Devotio edo Invocatio... ez dakit zein
Erromatarrek, burruka baino lehenago egin ohi zituzten gauzak dira hauek, gero "gauza" horiek pasatu ziren erretorikara, eta handik katolikoen otoitz ohituretara.Pentsamendu arkaikoan (hau da antzinatasun klasikoa baino lehenagokoan, nahiz eta eguneraino dirauen) mundu honetako gauzak josita zeuden beste munduko gauzekin, baina hain josita ezen pentsatzen baitzen hemengoa hango ispilu zuzena baizik ez zela, baina hain horrela ze hemen burruka bat irabazteko zure jainkoak irabazi behar ziola burrukan bestearen jainkoari.
Gogoratu zein polito dagoen deskribatuta Iliadan, liburuaren bukaera aldean, Akilesek, matoi txulo-putas horrek zelan atrapatzen duen Hektor, zaldi etxekotzailea; Akilesen ezaugarri mitikoetako bat "oin hegalarikoa" zen arren, korrika ihesi doakio Hektor haren aurretik, Akiles bera baino arinago, eta Homerok ez dauka hori koldarkeriatzat, oso polito egiten zuela korrika dio, oin hegodunari aurrea hartuta, matoi astakirten horrengandik ihesi... Baina Palasek engainatu egiten du Hektor koitadua... hau da, Homerok esan beharrean Hektor nekatu egin zela, dio Palasek agintzen diola laguntza gero ez dena, liluratu egiten du, esaten dio berarekin batean gaina hartuko diotela Akilesi; baina gero beste mundukorik ez baitago, Akiles astapotroagaz dago bakarrik, errealitatearen aurrean, bere prosaikotasun eta gordintasun guztiarekin.
Pentsamendu arkaiko honen arabera azalduta baina, Hektorrek huts ematen du ez dakielako jainkoen artekoan, jainkoek elkarri egin azpikerien berri.
Erromatarrek borroka baino lehenago `deitu` egiten zuten (bokazioa) euren jainkoei, laguntzeko bainoago, eurak ere presta zitezen gerrarako; eta gero arerioaren jainkoei esaten zieten hobe zutela apopiloak abandonatzea, bestela eurak ere hilko baitziren. Bata zen inbokazioa eta bestea debozioa, baina ez naiz gogoratzen zein zen zein. Bata barrura, bestea kanpora.
Neu ere hasiko naiz apur bat neure ni-a kokatzen, aurrean dudan asmoari gaina hartzeko. Eta debozio hauetan ez da falta aitortza modukorik... tamalez, uste dut.
Bat
Behin, Oxforden, konputaziozko estilistari buruzko ikastaro batean niharduela, ni bezain ikasle etorritako (demagun) Birminghameko unibertsitateko literatura irakasle batek bota zuen esaldiak gorputza eman zion, edo konkretuan gauzatu aspalditik nuen literaturarekiko ezintasuna.Kafealdian edo hamarretako Ernestiarrean izan zen, hots, pepinillo sandwichak jaten diren etenaldi horietako batean, eta halaxe zioen: trenean konmutatzeko zihoalarik, hau da, egunero lanera joateko, ikusten zuela jende hori guztia irakurtzen, eta pentsatzen zuela: "Good heavens, all these people working already!"
BI
Lehenagotik barren, Juanra Madariagagaz batera, hainbestetan barren eginda genion Saizarbitoriaren poema bati. Ez naiz kapaz poema hura berriro aurkitzeko, baina zioen hainbeste irakurri eta urteak eta urteak estudioari emanda eta bakarrik lotu zaiola... zer eta... Miopia! Eta literaturarekiko madarikazioa metatzen joan zitzaidan... ezin irakurri, ezin.Zorionez (edo), utopietarako ez bezala, miopietarako badago lasnik merke askoa edo askia. Lekuen metaforetara bagoaz apurka-apurka hurreratzen. Eta, dioskue Lakoffek eta bestek, gure arkitekturagatik beste barik, ezin dugu leku metaforikoa baizik ulertu.
Hiru
Arestik Mundakatik behera bota zituen Iparragirre eta beste -"Iparragirre"rena (Xenpelarrek jarria) Arestiren "bozik" kutunena izan zen arren, hain zuzen euskal olerkariak eta poetak bertsolarien eskoletara alfabetatu nahi zituenekoa.Neuk ere bota uste ditut, Goienkaletik Barrenkalera, edo Someratik Suserara, oroimenetik haragixka ustelak oro, aurrera egingo banuen, burua ateratzeko banintzen, edo Mendiburuk esango lukeen bezala, gatzezko "gizaintzura" bihurtuko ez banintzen hainbeste atzera begiratzeagaz.
Ondorioetako bat izan zen madarikaziotik libratzen bezala nindoala, harik eta Lekuak irakurtzen jarri naizen arte. Ez da obrari kritika, inondik ere, da bakea ia-ia aurkituta nuela eta ostera ere nahastu zaizkidala barrenak ("Txurdinaga: niotsan honi garai batean, ur nahasiak alegia)
Glossa #1
Alabaina, berriro "condenado a escribir complicadas frases" (un peu prés) poetak esan zuen legez, horra jausi arte izan dut bake amini bat, eta bakeladi horretan irakurri dut, lehengoz etxeko-lanei ekin beharrik gabe oso liburu on bat, nire bikotekide ohi batek aspaldi gomendatu zidana, (hark gomendatu zidanean, baina, oraindik madarikatuta nengoen...) Liburua hauxe da:
English Passengers, Matthew Kneale ausartarena.
Eta liburu hau inportantea da, ez bakarrik oso ona delako, geroko nire obaba definizioari oso ondo etorriko zaiolako baino.
Har dezagun deskantsu pixka bat honoko atsotitz honekin:
Jan arteko ogia eta hil arteko bizia.
Lau
Beti miretsi izan ditut Foucaulten sarrerak: bere handik urteetarako lana aurrez definitzen zituelako. Mira iritzi diot halaber Borgesen Brodieren Txosteneko sarrerari ere; zelan ematen zuen bere burua plazara: un escritor que conoce su oficio". Eta oso gogoko izan dut, era berea, Caro Barojaren eszeptizismoa bere jakituriarekiko: "un solterón de 65 años".
Nik orain dudan adina da Atxagari lehengoz entzun nionean berak zeukan berbera. Hura Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan izan zen: saria irabazi berritan, hainbat argudio aristokratiko atzera bota eta azpiratuko zituen saria, euskal kulturari hain ondo zetorkion saria. Handik ia hamar urte garrenera oraindik egon zen enoranta bat "euskarak ez du filosofatzeko balio, ez duelako subjunktoborik" bezalako artikulu bat idatzita, artikulu hori egunkari guzti-guztietan argitaratu zioten. Baina barne bakea behar dut, eta ahaztu egingo dut oraingoz (odolak su gabe baitiraki).
Egia da Axtagak zioen bezala, Euskalerrian irakurleak hitzaldiz hitzaldi bereganatu zituela, ia-ia rok talde batek bere diska aurkezten duen gisan; orain copyeft-zaleak diote _lehengoz nik hau Manu Xahori entzun nion_, hemendik aurrera musika grabatua doan egongo dela sarean, eta performantziagatik ordainduko dugula; baina orain arte, kontzertuen funtzioa zen Atxagak Euskalerrian hasieran eman hitzaldiena; bere kasuan gainera, kendutako fama garbitzea ere bazegoen, aurrejuzkuei gaina hartzea, buruz buru eta karean kara.
Niretzat ez zen hitzaldi hura beste hauxe bezain inportantea: Buruak ikusten du, ez begiak. Hura Sarrikoko fakultatean eman zuen, eta hor hasi nintzen ni errealitate ezagun ezinari hurbiltzeko prefabrikatutako markoen beharraz hausnar; aurrez eraikitako oholtza hauei esaten diegu gaur egun "topikoak". Beraz, horixe da topikoen hirugarren esan nahia; alegia, erretorikako ikasleak euren ariketetarako erabiltzen zituzten gai aurrez jorratutako zerrenda.
Hain izan zen horrela, geroago ibili naizenean semantika ikasten heldu naizela ondorio honetara: ez dago esangurarik ideologiatik kanpo, hots, ulertzen goaz aurrejuzkuez zikintzen goazen heinean. Edo bestela esanda, esangura erreferentziatik bainoago, narratibetatik eta metanarratibetatik (ideologiatik) ateratzen ditugu kaosari sekuentzia ordenatu bat ezartze aldera. Holako zer bat iradokita dago Mark Turnerren The Literary Mind liburuan, "small espatial stories: kontzeptupean; kontzeptu hau sinesgarriagoa da bota dudan nire jarrera ausartegi huraxe baino.
Paraninfoko lehengo hitzaldi hura barneratzeko "poetegi" nenbilen, Ziutateaz irakurri eta irakurri, Etiopia asago ondinokarrean. Baina lehen hitzaldi hark badu niretzat detaile xume bezain esanguratsu bat. Hitzaldia baino lehen antolakuntzan zebilen nire lagun bati urduri eskatu zenion tabako pakete bat. Nahiz eta noizerik noizera eta halabeharrez zure 40ei dei egin behar izaten zenien, ez da autoritatetiko topikoa zure erabiliena izan. Ni beti harritu izan nau horrek; beti zegoen norbait adina argudio erabilita... Eta nahiz Foucault eredu, Borgesi bekaitz eta Caro Baroja xamur maitatu, gaur egun indar eta bihotz ematen didana zure Marlboro pakete huraxe da. Txarrenera ere behintzat erretzeari inoiz uztekoa banaiz.
Paraninfoko lehenbiziko hitzaldi hartan
Iruzkinak
Utzi iruzkina: