Zazie Metroan

literartea 1456440692268 literartea | 2006-06-02 22:49

                      

-         Sainte-Chapelle erakutsi diezu?

-         Egundoko zori ona izan diten. Ixten ari zitunan eta ehun metro egiteko aukera izan diten beirateen aurrean. Izugarri ederrak (keinua), beirateak. Pozez gainezka zauden (keinua). Ez da hala, my gretchen lady?

Baietz esan zuen aukeraturiko turistak, xoraturik.

Raymond Queneau, Zazie metroan. Ibaizabal, 1996. Joxan Elosegiren itzulpena. 148. or.

 


 

Pierre Montreuilekok eraiki ei zuen Sainte Chapelle, errege Luis IX.aren aginduz, 1242 eta 1248 bitartean. 1239an Luisek berak Bizanzioko enperadore Baudoin II.ari erosi zion Jesusek eraman ei zuen arantza-koroa; baita Gurutz Santu benetakoaren ezpal-zatia ere. Tratua merke ez zitzaion atera, garai hartako 135.000 libera ordaindu zuen eta. Kapera Santua eraikitze–lanen ordaina txikiagoa izan zen horren aldean: 40.000 libera. Asmo politikoa zerabilen erregek: errelikiak eskuratuta, bere koroazioa antzeztu nahi zuen, Jesusen martirioaren ezaugarriaz eder apainduta.

Beirateek 600 metro koadroko azalera betetzen dute eta gaur egun leiho horietako heren bi jatorrizkoak dira. Kolore gorri eta urdinak dira nagusi, eta kontakizun dute Bibliak azaldutako gizakiaren historia, hasi Kreazioan,  eta Jesukristoren gurutziltzekatzean amaituz. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera irakurri behar dira leiho horiek.

            

Beirategiak erabiltzea antzinatik datorren baliabide arkitektonikoa da, probatua baitzen dagoeneko Egipton eta Erroma klasikoan. Nolahai den ere, gotikoak ikusgarri bihurtu zituen, eraikuntzek altueran nabarmen egin baitzuten. Orduko pentsalariek luze idatzi zuten Argiaren zer-nolakoaz, eta, zalantza barik, aurrerapen teknikoen harira jardun zuten, izan ez balira hutsal begitanduko baitzitzaizkigun azalpen horiek. “Jaungoikoa Argia ere bada, eta fenomenoetan onena, zoragarriena dugu berori, Argiari esker jabetu baikaitezke gainontzeko formen izateaz eta edertasunaz” (Roberto Grosseteste).

"