Taj Mahal
Gure auzoan bizi diren pertsona kuxkuxeroei esker dakit nik istorio honen nondik-norakoa.
Garai batean, oraindik ere ez aspaldi, Khalif Khosro emakume eder, lirain, zoragarri batez maitemindu zen eta honek ere bera maite omen zuen. Baina Alaren bideak arakaezinak direnez, egun batean emakume zoragarri horrek alde egin zion eta ingeles batekin joan omen zen bizitzera, ez jadanik gehiago erbesteratu batekin.
Gauza jakina da zergatik printze indiar hark eraiki zuen Taj Mahal marmolezko palazio hunkigarria eta noren memorian altxatu zuen. Printze hau ere enamoraturik zegoen eta oso pozik bizi zen bere printzesa maitearekin... hau hil zen arte. Orduan, malenkoniaz ezindua, erabaki zuen palazio hura goititzea bere maitearen omenez, marmolezko palazio zuri-zuria bere printzesaren purutasuna eta gardentasunaren oroigarri.
Khalif Khosrok jendeari banatzen dion fotokopian ia ezin da irudirik antzeman, mantxa ilun, zikin, beltz handi bat ez bada. Eta denbora pasa ahala, gero eta beltzagoa ari da bihurtzen mantxa hori.
Joxemari Iturralde, ‘Amodio gero eta ilunagoa’ in Filipinetan bizi den idazlearen kontuak, Pamiela, 1993. 40-41 orr. Ostera ere ipuina argitara eman zuten Nora noa? bilduman (Erein,2001).
XVII. mendean jaso zituzten mogol dinastiaren eraikuntza nabarmenenak. Eta beroien artean Taj Mahal dugu aipagarrien, Shah Jahan agintariak 1630 inguruan erabaki eta jarraikiko urteetan altxarazitako marmol zuriko mausoleoa. Hamalau seme-alabaren ama eta emaztea omendu nahi izan zuen Shahek, hamalaugarrenaz erdi zenean hil baitzen Muntaz-i-Mahal anderea. Plano karratu batean antolatzen da Taj Mahal, kupula handi batek babestua. Eraikinaren aurrean lorategiak altzifreak biltzen ditu, eta parean urmahela da, zeinetara lau ubidek ura daroaten; kanalok paradisuko lau ibaiak irudikatu nahi dituzte. Lorategiak ia zazpi hektarea luze-zabal dira, eta hauek ere paradisua ekarri nahi dute gogora. Hogei urte edo behar izan zituzten lanak amaitzeko eta horretan ia 20.000 lagunek jardun zuten. Marmola Rajasthanetik ekarrarazi zuten, jadea eta beira Txinatik, turkesak Tibetetik, Afganistango lapis lazulia, Egiptoko krisolita, Yemengo agatak, Zeilango zafiroak, Arabiako korala, Errusiako malakita…
Shah Jahanen asmoa ei zen emazteari eskainitako eraikinaren aurre-aurrrean marmol beltzeko pareko mausoleoa jasotzea; urrezko zubi batek biak batuko ei zituen. Shahen hirugarren seme Aurangzebek asmoa ustel bilakatu zuen, aitaren agintea bere egin baitzuen eta aita bera preso. Heriok ziegan harrapatu zuen 74 urteko Shah Jahan, eta Aurangzeben agindua amaren ondo-ondoan hilobiratzea izan zen. Horrela tenpluak berariaz zuen simetria galdu zuen, ezinbestean.
Taj Mahal kanpo eta barrutik ikusteko aukera
PD: ‘Amodio gero eta ilunago’, euskal letretako ipuin onenetakoa. Amaiera aldeko kontrasteak sortzen duen efektua zoragarria da. Zuria beltzak harrapatu du, bete-betean, tonerrak maitasuna irentsi du gupida barik.