Shepperson
Hamaika euroan duzu liburudendetan Haddonen eleberria, eta hamaika dira, liburua behin eskuratuta, jasoko dituzun poz, dibertimendu, barre, gaizki-ulertu, eragiketa matematiko, azalpen bitxi eta enparauak. Olarrak (Odol hotzean, Ballantraeko premua, Estilo ariketak, Deabruaren hiztegia, Santutegia... besteak beste) ederto baten ekarri ditu euskarara Cristopherren gogoeta eta detektibe lanak.
Mark Haddon, Txakurrari Gauean Gertatutako Istripu Bitxia. Jatorrizko izenburua. The Curious Incidet of the Dog in the Night-time. Itzultzailea: Xabier Olarra. IGELA, Mintaka saila, 6. Iruñea, 2006. 134-136 orr.
1917an gertaera ospetsu bat izan zen, Cottingleyko maitagarrien kasua. Baziren bi lehengusina, bata Frances Griffiths zeritzona, bederatzi urtekoa, eta bestea Elsie Wrigth, 16 urtekoa, eta esan zuten Cottingley Beck izeneko erreka baten ondoan maitagarriekin jolasean ibiltzen zirela, eta Francesen aitaren kamera erabili zuten maitagarrien 5 argazki ateratzeko, hau bezalakoak:
Baina ez ziren benetakoak. Paperean egindako marrazkiak ziren, ebaki eta orratzen bitartez han eutsiak, zeren eta elsie artista ona zen benetan.
Hona zer esan zuen Harold Snellingek, aditua baitzen argazki faltsutuetan:
Iduri dantzari horiek ez dira paperezkoak edo oihalezkoak, ez daude margotuak hondo fotografiko baten gainean… baina gehien harritzen nauena da irudi horiek guztiak mugitu egin direla esposizioan.
Baina hori esatea ergelkeria zen, papera mugi baitzitekeen esposizioaren unean, esposizioa oso luzea izan bazen, zeren argazkian ur-jauzi ttiki bat ikusten zen atzealdean eta lausoturik ageri zen.
Orduan, Sir Arthur Conan Doylek argazkien berri izan zuen eta esan zuen benetakoak zirela, The Strand izeneko aldizkariko artikulu batean. Baina bera ere ergelkeriak esaten ari zen, zeren eta, argazkiei erreparatuz gero, konturatzen zara maitagarriek liburu zaharretako maitagarrien itxura berdin-berdina dutela, eta hegoak eta jantziak eta galtzerdiak eta zapatak dituztela, zeina baita estralurtar batzuk Lurrean lur hartu eta Doctor Whoko Daleken antzekoak balira bezala edo Galaxietako gerrako heriotzako Izarreko soldadu inperialak bezalakoak edo gizontxo berdeak estralurtarren marrazki bizidunetakoak bezalakoak.
1981ean, Joe Cooper izeneko gizon batek Elsie Wrigthi eta Frances Griffithsi elkarrizketa bat egin zien The Unexplainederako, gertaera argiezinen aldizkari baterako alegia, eta Elsie Wrigthek esan zuen 5 argazkiak faltsutuak zirela eta Frances Griffithsek, berriz, 4 zirela faltsutuak baina bat benetakoa zela. Eta esan zuten Elsiek marraztu zituela maitagarriak Arthur Sheppersonen Princess Mary’s Gift Book liburua oinarri harturik.
Claude Arthur Shepperson (1867-1921) Elsie eta Francisen inspirazio iturri izan zen, eta ezagunagoa da Haddonek jasotzen duen pasadizoagatik, benetan ilustratu zituen lanengatik baino. Letradua izateko ikasketak bertan behera utzi, Parisa joan eta pintatzeari ekin zion. Paisaiak margotzea zuen gogoko, liburuak ilustratzea ogibide baina. Testuan aipatutako Princess Mary’s Gift Book lanean hartu zuen parte bere garaiko ilustratzaile onenekin: Russell Flint, E.J. Detmold, Arthur Rackham edo Edmund Dulac; bertan J.M. Barrie, A. Conan Doyle, Rudyard Kipling eta H. Rider Haggard-en testuak ageri dira. Hona liburu famatu hura eta Sheppersonen beste lan bat.
Gurera etorrita eta Conan Doyle tartean egonda, bada honen lan batean, The Red-Haired League delakoan hain zuzen ere, nafar baten gaineko aipua:
"Sarasate plays at the St. James's Hall this afternoon," he remarked. "What do you think, Watson? Could your patients spare you for a few hours?"
"I have nothing to do to-day. My practice is never very absorbing."
"Then put on your hat and come. I am going through the City first, and we can have some lunch on the way. I observe that there is a good deal of German music on the programme, which is rather more to my taste than Italian or French. It is introspective, and I want to introspect. Come along!"
Jakin bagenekien Sherlock Holmesek gustuko zuela bibolina; ez, ostera, Sarasateren zaletua zenik.
Bukatzeko eta irakurtzen jarraitu nahi duenak badu ondoko lotura honen bidez jakiterik zer duten harreman-bide Pablo Sarasatek eta Pablo Nerudak: pista edo lorratz moduko bat. Pablo izen horiek, ez dira pontekoak, faltsuak dira. Sherlockek argituko?
ENRIQUE ROBERTSON ÁLVAREZ: Pablo Neruda, el enigma inaugural