Keaton
Gero bideoa ikusi ahal izango duzue eta Ednaren alboan eseriko zara. 'Buster Keatonen laburmetraieak dira', esango dizu.
One Week horretan, Buster Keatonek etxe aurrefabrikaturiko baten zatiak jaso ditu, dozena bat kaxatan antolatuta, ezkontzako opari lez. Baina aurkari batek kaxen numerazioa trukatu duenez gero, zatiak armatzeko orduan itzelezko oker eta deskalaruak gertatuko dira, haizeak eskularru bat bezala itzuliko du ozta-ozta lotutako armazoia, tren batek ere erdibituko du etxea...
Etxea armatzea ia ezinezkoa da eta, gainera, zeozer eraikitzea lortu duenean okerreko lekuan egin du, auzokoarena den terrenoan.
Joseba Sarrionandia, Lagun izoztua, 380. orr. Elkar, 2001.
One Week, 1920ko film laburra da, 19 minutuko iraupena duena, Keatonek Edward F. Cline zuzendariarekin batera eginikoa.Ordura arte Buster 'Fatty' Arbuckle aktorearekin batera aritutakoa zen, eta lan honetatik aurrera bakarrik ibiltzeari ekin zion. Sybil Seely da Busterren parean agertu zen aktorea.
Antzerki mundua izan zuen jaioleku Busterrek, gurasoek han-hemen zebilen enpresa baten lan egiten zuten-eta: 'The Mohawk Indian Medicine Company' zuen izena eta garai hartan Harry Houdini handia eurekin batera ari zen. Botika ederra bai Busterrek txikitan jaso zuena. Hiru urterekin hasia zen taula gainean gurasoen emankizunean laguntzen eta inoiz semea nola tratatzen zuten ikusita, zer pentsatu bazegoen: umearen arropetan maleta baten kirtena zuen jarria aitak eszenatokian zehar umetxoa hara-hona baldar erabiltzeko, faldel txikia bailitzan, ikusleen barreak eragin nahian. Berehala erakundeek susmo txarra hartu zioten kontuari eta gurasoek umetxoa zakar eta bortitz tratatzen ez ote zuten ikertzean hasi ziren. Gerora filmetan erakutsi zuen gorputz zalutasun eta bizkortasuna txikitatik ei zetorkion. Itxura baten Keatonen ezizena, Buster, Harry Houdiniri zor diogu: haurrak sei hilabete eskas zituenean eskailera batzuetatik erori eta egundoko kolpea hartu ez zuenean oihu hori egin zuen Harryk: "That was a real buster!". 'Buster', horrela diote ingelesez zauri eta mina sortzen duen edozein erortzeri.