John Cheever

literartea 1456440692268 literartea | 2007-05-05 00:51

Estepan Urkiaga berpiztuaren eta Julen Lamarain kazetariaren gorabeherak azaltzen dituen nobelan,  azken honek inoiz ikusitako pelikula ekartzen du gogora:

 

 

                                

"Aktore nagusi Burt Lancaster zuen film batez ere oroitu nintzen gau hartako insomnioan. Luzaz kanpoan izan ondoren, Burt Lancaster etxera itzuli zen film hartan, baina zuzenean etxeratu barik oinez eta igerian egin zuen bidea, adiskide baten etxetik beste batenera pasatuz eta adiskide guztien piszinak igerian zeharkatuz, harik eta piszinarik piszina etxera heldu arte".

 

 

Juan luis Zabala, Agur, Euzkadi. SUSA, 2000ko iraila. 59. orr.

 


 

 

                                     

The Swimmer filma 1968ko ekoizpena da, Frank Perryk zuzendutakoa eta Burt Lancasterrek antzeztua. Filmatze-lanen azken unean Perryk amore eman eta lanari planto egin zion, ez baitzetorren bat ekoizleekin. Sidney Pollackek amaitu zuen errodajea.

                               

Neddy Merrill da Lancaster film honetan, eta igerileku-zeharkatze horretan bere bizitzaren hainbat gorabehera kontatuak dira, egindako geldiune horietan ezagutu zituen emakume zenbaitekin topo egingo du-eta. Etxera ailegatuta tamainako ezustea hartuko du.

 


The Swimmer ipuin laburra ere bada, John Cheeverrek idatzia eta 1964an The Brigadier and the Golf Widow bilduman argitaratua. Berori dugu hain zuzen filmaren oinarri. Asmoa eleberria paratzea bazen ere, Cheeverrek ipuin luzera eman zion azkenik eta idazlearen narrazio ezagunetako bat da. Hainbatek Nartzisoren alegia ikusi du irudikatua ipuin honetan; jakina da bere burua  urmahelean ikusitakoan heriotzak harrapatu zuena pertsonaia mitologikoa. Bestek aberats eta zoriontsu izatearen arteko harremanaren azterketa ikusi dute testuaren tesian. Errodaje lanak gertutik jarraitu zituen eta bada idazlearen ‘cameo’ txikia.

 


          

John William Cheever (1912-5-27, Wollaston, Massachusetts  / 1982-6-18, New York). Amerikako Estatu Batuetako idazlea. Zapata-saltzaile baten semea, 1925-1930 urteetako krisiak familiaren estatusean eragin zuen: aitak zurrutari ekin zion eta amak beharrean hasi behar izan zuen. 1930ean ikastetxetik kaleratu zuten (erretzea leporatu zioten) eta bere literatur lanen abiapuntua ekarri zuen kanporatze horrek, egunkari batek halako kontakizuna gaitzat zuen narrazioa erosi baitzion une hartan: ‘Expelled’ (Kanporatua) zuen izenburu. Hurrengo urteetan hainbat aldizkari eta egunkaritan argitara eman zituen narrazio asko.

1942an armadan da eta hurrengo urtean bere lehen bilduma kaleratu zuen, The way some people live: ipuinon ardatza erdi mailako jendearen zoriontasun eza eta krisia da. Heldu bako lantzat jo zuen idazleak berak gerora eta nahiz eta behin eta berriro lanaz arnegatu, hein batean zor handia zion. MGM estudioetako exekutibo eta aldi berean armadako ofizial Leonard Spigelgassek lana oso gustuko izan zuen eta Cheever Paramount estudioetan lanean paratu zuen, gerra zaratatik urrun; bere konpainia une horretan Normandiako hondartzan lehorreratzeko prest zen. Gerra amaituta eta hurrengo urteetan idazteari ekiten dio gogo betean. Aldizkari eta egunkarietan argitaratzen jarraitzen du; nobela luzerik, ordea, ez dator. 1946an izan zuen Random House argitaletxearen proposamena eta aldez aurretiko ordainketa bat ere, baina ezerezean geratu zen ahalegina. 1947an ‘The New Yorker’-ek The enormous Radio narrazioa atera zuen, apartamentu-etxe batean bizi diren lagunen bizipen eta elkarrizketak jasotzen dituena. Harrera ona izan zuen. Lan egiteko modua eta emaitza zailduz doaz,ostera,  eta zer argitaratu zailagoa egingo zaio. Ordura arte kuttun izan zuen ‘The New Yorker’-ek bizkar ematen dio. Guggenheim Fundazioaren beka bati esker (1951) Westchester-era doa bizitzen eta lan egiten, sosegu bila.

1953an bere bigarren narrazio bilduma da kalean lehen aipatu ipuinaren izenak bataiatua, The enormous Radio. Kritikak onak izan ziren, baina ez da sasoi samurra idazlearentzat. Random Housek auzitara eramango du aurreko batean agindutako lana bete ez zuelako. Eskerrak 1956an  The Wapshot Chronicle aterako den, krisiari amaiera emanez; bestetik,  film baterako gidoia saltzea ere lortuko du (The housebreaker of Shady Hill): gogo onean Italiara bidean da urte bete pasatzeko asmoz. 1964an ordura arte kritika onena jasoko du  The Wapshot Scandal lanari esker. Urte berean Time aldizkarian azala eskaini zioten eta The Swimmer ipuina argitaratzen du, gerora film bilakatuko dena. Garai honetan edatea arazo bihurtzen da, sexualitatea kezka du eta emazteagan biltzen ditu bere frustrazioak. Psikiatrarenera joan arazoa konpondu nahian eta hona medikuaren deskribapena: ‘gizon neurotikoa, nartzisista, berekoia eta lagunbakoa’. Popatik bidali zuen terapia.

1969an Bullet Park lana publikatu zuen, ildo ilun eta goibela hartzen duena. Tratamenduan berriro ez atzera ez aurrera dabil, zurrutari ezin laga. Emaztearekiko harremana gero eta okerragoa da, ospitaletan sartu-irtenak errepikatuz doaz, harik eta 1975ean hondoa jotzen duen arte. Fred anaia –alkoholiko ohia berau- gerturatu eta sendatze-bidean ipiniko du, New Yorkeko elkarte baten esku jarrita. Eta itxura batean lortu zuen edateari uztea. Hezkuntzari helduko dio eta 1977an Utahko Unibertsitatean irakasle dabil eta Falconer lana emango du argitara; arrakasta handia da oraingoan. Liburu salduenetakoa da orduko zerrendetan. Handik gutxira The Stories of John Cheever (1978) kalean da. 1981ean minbizia antzeman eta oinazean emango du hurrengo urtea. Bere azken lana, Oh What a Paradise It Seems gaisotasunak eragindako minaren kronika da, 100 orrialdetan harildua.